Neighbor taldearen bigarren diskoa bidean

Erredakzioa 2016ko eka. 8a, 10:37

Gaztelupeko Hotsak disketxeak jakinarazi du Maite Larburuk (Hernani) eta Josh Cheatham-ek (Seattle) Neighbor taldearen bigarren diskoa prestatzen dihardutela Usurbilen. Diskoa irailean kaleratzekotan dira.

Bidaian bizi gara etengabe; beti etxetik kanpo, eta etxea beti faltan”...

Ura patrikan” aurreko lanetik hiru urte pasa direnean, Maite Larburu (Hernani) eta Josh Cheatham (Seattle), Amsterdamen egokitutako bikoa hurrengo diskoa eraikitzen ari da egunotan Usurbilgo Higain estudioan Haritz Harreguy teknikariarekin batera.

Azken aldian ondutako abesti eta istorioak bildu dituzte bigarren disko luze honetan. Lehenean agertzen zuten freskotasuna galdu gabe, bigarren bilduman esparru musikala irekiz doinu eta erritmo berriak izango dira entzungai. Euskara nagusi, oraingoan ere beste hizkuntzetara lekua eginez.

Diskoa CD, LP eta dijitalean irailean argitaratuko da Gaztelupeko Hotsaken eskutik. 

Antzinako musika klasikoaren arlotik datozkigu Larburu biolin jolea eta Cheatham viola da gamba-kontrabaxulariaNeighbor ordea ez da XVII eta XVIIIgarren mendeetako musikan espezializaturiko bikotea. Tradizio klasikotik salto egin, eta kitarra, ahotsa eta beste hainbat instrumentuz baliaturik, kantu propioak idatzi eta aditzera ematera ausartu dira Maite eta Josh.  Auzo berean bizi dira, Amsterdamen.

Entzun : Nunzare   mp3      Entzun : Little River   mp3

KRITIKAK (lehenengo diskoari) 

“Maite Larburu, ate handitik sartu zitzaigun Ura patrikan diskoaren bitartez, kantari eta biolinista. Klasikotik dator, antzinako musika irakasten du Amsterdam hirian. Herri kantagintza modernoan aritzeko Neighbor bikotea sortu du, Josh Cheatham auzolagunarekin. Askotariko saudadeak biltzen dituen diskoa; baita kantu erabateko bat ere, Nunzare.”  FERMIN ETXEGOIEN Kazetaria

“Heldutasun handia dario Maite Larbururen estreinakoari, eta harrigarria da, ez baita oso ohikoa hori euskal musikagintzan. Lasai, gozo, kantatzen duen hegoaldeko emakumezko kantari bat azkenean! Ez, ez du teknikak itotzen haren kantaera. Ahots propioa du, gainera. Jazz, folk eta pop musiketatik edaten du, eta batzuetan (ingelesez kantatutakoetan) jazz estandarretatik hurbil badabil ere, beste une batzuetan ez ditu hain ageriko bideak erabiltzen. Une horietan jotzen du diskoak bere gailurra, intimismo gozoaren eta nostalgiaren uretan igeri egiten du, umorea falta ez duten hitz irudimentsuez lagundurik. Benetan, euskal disko baten aspaldiko hasierarik bikainena du.” ANDONI TOLOSA 'MORAU' Musikaria eta kritikaria

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.