Errauskailuaren aurkako giza-katera joateko autobusa herritik

E. Unamuno 2016ko mai. 25a, 21:30

Domekan Onkologikoa eta Aldundia lotuko dituen errauskailuaren aurkako giza-katean parte hartzeko autobusa antolatu dute herritik. Giza-katea herritar talde batek deitu du Gipuzkoa Zutik izenarekin. Autobuserako izen ematea Arranoan edo Gaztetxean egin daiteke.

Hemen Gipuzkoa Zutik mugimendutik zabaldu duten oharra:

Gipuzkoa Zutik deialdia: M29 ez goaz etxera

"Hemen oso ondo bizi da..." biztanleen %1-a, lauzpabost familia. Eta horiek hurrengo hiru belaunaldietan kolpe zorrik jo gabe ongi bizitzen jarraituko dute, denon diruarekin beren interesei bakarrik erantzuten dieten proiektuak aurrera ateraz. Oso erraza da.

Bost axola astakeria guzti hauek ordaintzen ari garenak prekarioak, etxetik kaleratuak, langabetuak garen. Berdin zaie airea, lurra eta janaria pozoitzea.

Eta guk hemen ongi bizi nahi dugu... baina herritarron %100. Eta hil ere zahardadez hil nahi dugu. Bonba kimiko-biologikoak kudeatzen dituzten arduradun politiko suizida hauekin, gaixotasunak eta heriotzak aurre-programatzen dituzten "teknikari" salduekin... nork zaintzen du herritarron osasuna eta bizitza duina? Nora goaz?

Erabat indibidualizatuta eta apalduta nahi gaituzte. Atzera goaz.

Inflexio puntu bat behar dugu

Gipuzkoako lau familiaren patrika betetzeko egiten duten jokaldia beti bera delako, haserreak, borrokak eta erantzunak elkartu behar ditugu. Sistema da arazoa, eta horretarako sinbolo bat hartu eta denon artean garaitu behar dugu. Erraustegia Gipuzkoako politika eta sistema ustel honen sinboloa da dudarik gabe. Orain erraustegia geldituko dugu, eta berarekin batera gainerako dena! Bizitzaren aldeko borroka hau herritarrok altxatzeko txispa izatea nahi dugu.

Amildegi batera garamatza %1ak Europan, Euskal Herrian eta Gipuzkoan. Troikatik hasita, gure agintari lokaletaraino, interes berei erantzuten dieten egitura politiko bat montatuta daukate, beren hedabide eta eragin-gune guztiekin. Lau urtean behin botoa eman, eta hortik aurrera herritarrok ez dugu hitzik ez erabakimenik, ezta gure bizitza baldintzatuko duten eta guk ordainduko ditugun proiektuetan ere!

Erraustegia egiten uzten badiegu, onartzen ari gara baietz, herritarron bizitzak baino gehiago balio duela betiko lauen diruak. Onartzen ari gara etorkizuneko belaunaldiak zorpetuta jaioko direla! Erraustegia onartzen badugu, arnasa garbi hartzea ere debekatuko badigute, zer geratzen zaigu? Asko dugu jokoan.

Herritarrak mundu osoan altxatzen ari dira, plazak hartuz botereari desafio egiten. Nuit Debout, M15, Saharako Gdem Izik, Istanbuleko Gezi eta mundu osoan zabaltzen ari den Occupy gara. Mundu mailako erantzuna behar du egoerak, eta Euskal Herrian ez dugu gutxiago izan nahi!

Zer proposatzen dugu?

Aldi berean eta batera jardunda politika hau aldatzeko palanka izan behar dugu. Eskaini diezaiogun gure denbora eta bizipoza inflexioa sortzeari.

Gaurdanik hasita denok hobeto bizitzea nahi dugulako, plaza hartu behar du bizitzak, pertsonek, norbanako bakoitzaren hitzak. Jar dezagun praktikan nahi dugun bizitza. Sakondu dezagun demokrazia zuzenean. Kalean, elkarrekin, eta gure artean sortuko dugun logika baten arabera mugitzen, desafioa gara dena kontrolpean nahi duen boterearentzat.

Mugimendua izango gara, ordezkaririk eta hierarkiarik gabe, borroken arteko puntu komunak bilatuz, ikaragarri pila baikara bestelako mundu baten alde lanean ari garenok. Mugimendua izango gara, denean ados jarri behar izan gabe, baina sinkronizatzean olatuak sortzeko gai dena.

MAIATZAREN 29AN EZ GOAZ ETXERA! DONOSTIAKO GIPUZKOA PLAZAN ELKARTUKO GARA. LEHEN BATZARRA 16:00ETAN. EKARRI BIZIPOZA, GORPUTZ ETA BURU ASKEAK, ETA LOTARAKO ZAKUA. USTELAK LURPERA, BIZITZA DA HANDIENA!