Eskolan bertsoa erakusteak zein helburu du?
Gazteei bertsolaritza transmititzea. Bertsolaritzak ekosistema bat behar du garatu dadin eta guk elikatu egiten dugu. Garai batean eremu pribatuan egiten zena, gaur egun, eskolaren bitartez bideratzen dugu. Askok ikastetxean izaten dute lehenengo kontaktua bertsolaritzarekin.
Zein ekarpen egiten die gaztetxoei?
Hizkuntzarekin jolas egiteko aukera ematen die. Maila apala duten ikasleekin ikusten da hori argien, sortzeko gai izatea oso garrantzitsua da eurentzat. Jendaurrean jarduteko gaitasuna ere lantzen dute, adibidez, jaialdirako prestatzen direnean.
Zela lantzen duzue bertsoa?
Nik batez ere sortu arazi egiten diet. Lau-bost urterekin dagoeneko gai izaten dira bertsoa sortzeko, eta sortzen duten lehenengo bertsoak izugarrizko ilusioa egiten die. Aurten, lehenengo aldiz, ez diet eman silaba kopuruaren informaziorik eta doinuarekin ederki moldatu dira.
Bertsoa erakargarria da gaztetxoendako?
Bai. 8-9 urtera arte asko motibatzen ditu kantatzeak berak eta 11-12 urterekin bertsoa tresna moduan erabiltzen hasten dira, bestela esan ezin ditzaketen mezuak botatzeko: irakasleei protesta egiteko, maitasun kontuak adierazteko…
Alde handia igartzen da hizkuntzaren ezagutza-mailaren arabera?
Trebetasunean beharbada, baina interesean ez. Are gehiago, batzuetan errazagoa da bertsolaritzaz ezer ez dakien umearengan interesa piztea.
Soraluzen alde handia somatu dut euskara etxetik dakartenen eta ez dakartenen arteko hizkeran. Euskaraz erraztasunik ez duten umeak gaztelerara pasatzen dira, baina bertsotan ez, bertsotan hizkuntzaz aldatzen baduzu jokutik ateratzen zara.
Eta generoari dagokionez, bada alderik?
Galdu egin behar da gaizki ateratzeko beldurra, neska eta mutilen artean diferentzia hor igartzen da. Neskak idatzizkoan hobeto moldatzen dira baina heltzen da jendaurrean jarduteko unea eta mutilak aurreratzen dira. Horretan lan handia dago egiteko.
Bat-batean ere jarduten duzue?
Ez, ikastetxean, ikasleen kopurua dela-eta, idatzizkoan jarduten dugu, batez ere. Bat-batean bertso-eskolan jarduten dugu gehiago. Orain dela urte batzuk hamar urterekin hasten ziren bat-bateko txapelketan. Ongi moldatzen zirenek jarraitzen zuten, baina beste guztiek laga egiten zuten, eta bertsolari ona ateratzeko taldea behar da inguruan. Orain hamalau urterekin hasten dira txapelketetan bat-batean kantatzen. Bertso-eskolak izan behar du bertsoaz gozatzeko eta ez elkar neurtzeko.
Ikasleren batek esan dizu bertsolari izan nahi duela?
Adin horretan “bertsolari izan nahi dut” esaten dutenak ez dira asko, baina bai bertsolari izatera jolasteko gogoa dutenak.