93 Txorik parte hartu zuten domekako kantu txapelketan

E. Unamuno 2016ko mai. 3a, 09:28

Errioxa, Araba eta Bizkaitik etorritako 93 txorik eta 29 lagunek parte hartu dute aurtengo txapelketan. Guardantxiloen saileko txapela Eibarrera joan zen eta mixtoena berriz Bilbora. Luquek hirugarren saria eskuratu zuen mixtoetan eta seigarrena guardantxiloetan.  

Eguraldi ederrarekin Ezoziko futbol zelaian jokatu zen txapelketaren bigarren edizioa. Joan zen urtean baino herritar gutxiago hurreratu zen baina aurten ere parte hartzea altua izan dela-eta, gustora zegoen Patxi Luque antolatzailea. Udal-ordezkariek datorren urtean txapelketa herriaren erdigunera ekarri eta ikastolako frontoian egiteko aukera ere aipatu zuten, "herritarrek hurragotik ikusteko aukera izango lukete".Kontuak kontu, txorizaleek euren afizioa gozatzeko aukera izan zuten domekan.

Kantua epaitzeko "kodigoa"

Peio Arrizabalaga ondarrutarrak 15 urte baino gehiago eman ditu txori kantarien txapelketako epaile moduan eta domekan ere guardantxilo mixtoen kantuak epaitzen jardun zuen. "Kantua epaitzeko kodigo bat dago eta horren arabera epaitzen dugu. Positibo moduan puntuatzen dira garbitasuna, hainbat kantu motaren konbinazioa, "txio" amaitzea... Negatibo moduan berriz beste txori baten kantua kopiatzea edo kantu mota bat gehigitan errepikatzea. Norbaitek halaxe erabaki zituen irizpideak dira eta horien arabera epaitzen dugu". 

Domekako sailkapena

Honela gelditu zen:

Guardantxiloak

1. Asier Fernandez (Eibar)

2- Vicente Pastrana (Oiartzun)

3- Jose Luis Fernandez (Eibar)

Guardantxilo mixtoak

1. Antonio Sauda (Bilbo)

2. Unai Madera (Mutriku)

3. Patxi Luque (Eibar)