Debabarrenean "errefuxa batzeko txipdun edukiontzia" ezartzea proposatu du EH Bilduk

Erredakzioa 2016ko api. 29a, 10:21

Debabarreneko EH Bilduko ordezkarien prentsaurrekoa.

Debabarreneko EH Bilduk adierazi du Mankomunitatean ordezkaritza duten indar politiko guztiek begi onez ikusi dutela udazkenean Deban eta Mutrikun ezarriko den “errefuxarendako txipdun edukiontzia” bailara osora zabaltzea, eta Mankomunitateko arduradunei eskatu die pausoak eman ditzatela 2017rako Debabarreneko herri guztietan sistema berria ezar dadin.

Debabarrenako EH Bilduk hondakinen bilketa sistema hobetzeko pausoak ematea eta kontzientziazioa areagotzea eskatu du Debabarreneko Mankomunitatean.

2015ean %39,66ko birziklapen tasa izan zen eskualdean eta EH Bilduk salatu du Mankokunitateak 2016rako adostutako %60ko helburua ez dela lortuko. Koalizioaren esanetan “argi dago aldaketa esanguratsuak egin ezean ez dugula helburua beteko. 5. edukiontziak eman du eman beharrekoa eta sistema horrek ez ditu emaitzak hobetuko”. 

Errefuxa batzeko txipdun edukiontziaren alde

EH Bilduren iritziz "eskualdean badago adostasun politikoa aldaketa bide batean emateko. Deba eta Mutrikun udazkenean martxan jarriko den sistema (errefusaren txipdun edukiontzia) egokia dela uste dugu Mankomunitatean ordezkaritza daukagun alderdi guztiok. Garrantzitsua izango da sistema hori eskualde guztian ahalik eta azkarren martxan jartzeko pausoak zehaztea".
2017an sistema berria eskualde osora zabaltzeko uztailerako bideragarritasun teknikoa zein ekonomikoa egiteko eskatu du EH Bilduk, eta Deban zein Mutrikun beranduenez irailean martxan egotea esperientzia pilotuak. "Bi lan hauek ondo eginez gero, garaiz egongo gara 2017an eskualde osoko inplementazioari ekiteko. Tartean sistema hau darabilten inguruko herrietako esperientziak ezagutzea dagokigu". 

Kontzientziazioa eta bizi-ereduaren aldaketa

Debabarreneko bizilagun bakoitzak 240 kilo errefus sortzen ditu; Debagoienean, berriz, 80 kilo. Bilketa sisteman aldaketak eta hobekuntzak planteatzea ezinbestekoa da EH Bilduren iritziz. Horrez gain, herritarrak kontzientziatzeko pausoak emateko ere eskatu diote Mankomunitateari. 

Bilketa sistema hobetzeko  eta herritarrak kontzientziatzeko lan-talde bat eratzeko proposamena egin du EH Bilduk. Zinegotziek, teknikariek eta herritarrek parte hartuko lukete. “Guztion elkarlan eta partehartzearekin askoz ere emaitza hobeak lortuko genituzke”, uste du EH Bildu.

Bilketa sistema aldatzeaz gain, bizi ereduan ere aldaketak eman behar dira koalizioaren arabera. “Bizi-eredu zaharraren logikan inposatu nahi digute Gipuzkoan erraustegia”, azaldu du. Horrekin batera, 30 urterako “hipoteka” ekarriko duela iragarri du: “Zaborraren tasak igoera berri eta handiak izango ditu”. EAJ eta PSEri erraustegiarekin ez “tematzeko” eskatu die.