Bertso saio freskoa eta bizia barixakukoa

Eneko Beretxinaga 2016ko api. 25a, 09:57

Bertsolariak eta gai jartzailea eskuetan sariak hartuta. Argazkia: Egoitz Unamuno.

Maider Arregi eta Gemma Urteaga, eta, Eli Pagola eta Iñigo Zubiaurre “Beitxi” sailkatu dira finalerdietan kantatzeko.

Ostiralean jokatu zen Plazatik Gaztetxerako hirugarren kanporaketa, Soraluzen. Finalerdietarako sailkatutakoekin batera, Mikel Lasarte eta Saioa Alkaiza, eta, Mikel Goiriena eta Gorka Maiz aritu ziren bertsotan, Mikel Hernandez soraluzetarrak aurkeztu eta gidatuta.

Saio aurreko afaritan 40 gazte elkartu ziren eta, saioa hasterako, hamar terdiak pasatxo zirela, 70 lagunetik gora ziren bertan bildutakoak. Gaztetxea goraino betea eta giro ederra bertsotarako.

Freskoa eta bizia

Maila oneko saioa izan zen, freskoa eta bizia. Goia jo ez baldin bazuen ere, giroa bero mantendu zen saioan zehar, bertsolarien jarduna eta entzulearen animoek bultzata. Amaieran, batzuk zein besteak, guztiak pozik ziren, ia bi ordu eta erdiko iraupena izan zuen saioak emandakoarekin.

Ariketa guztietan izan ziren bertsoaldi ederrak. Zortziko nagusian, Mikel Goiriena eta Gorka Maizek, espainiako errege eta Rajoyren papeletik abestuak izan ziren txalotuenak. Monarkia eta odol urdina bera datozela aipatuz borobildu zuen bertsoaldia Gorkak eta, horrek gora ekarri zuen jendea. “Beitxi” eta Eli, ahozko inprobisatzaileen topaketako sardiniar eta kataluniarren paperean aritu ziren. Hemengo saioetako arrakasta eta laudoriorik ez dutela iznago euren herrialdeetara itzultzean eta, bertsolarien kantaeraz jarduteko baliatu zuten tonu umoretsuan.

“Beitxi”k ostiralekoa izan zuen lehen plaza eta, urduri samar ekin bazion ere, saio polita egin zuen.

Zortziko txikiko ariketan, Maider eta Mikel Goiriena, interneteko erosketa nahastu eta kontsoladorea eta batidorea nahastutako ama-alaben paperean kantatu zuten. Bertsoaldia ederki bideratu zuten, ama – alaben arteko tertulia polita eraikiz, entzulearen plazererako, kontsolagarri baino.

Herriko berben bueltan bertsoa kantatzeko ariketak irrizko hainbat ateraldi uzti zituen eta, esanahia asmatu zuenik ere izan zen.

Koplatako ariketan, Saioa eta Gorkak, usaia ederki hartu zioten gaiari. Igogailuan elkarrekin zihoazen bizilagunak izanda, usai txarra antzeman zutela gaia jarri zien Mikelek. Ateraldi ederrak egin zituzten batak zein besteak.

Bakarkako ariketan, Maiderrena izan zen bertsoaldi borobilena, etxeko andrearen papela hartuta, eguneroko bazkari orduan mahai bueltako guztiak telebista eta mugikorrarekin ari zirela eta, bere lana gahiago kontutan hartua izan dadin eskatzen. Eli Pagolak ere bi bertso polit kantatu zituen ajatutako kamiseta zahar baten ikuspegitik.

Gaztetxeko kideek opari prestatutako erlojuen banaketak eman zien bide bertsolarien agurrei. Enztuleen txalo zaparradak eman zion amaiera gaualdiari. Ondoren, saioak utzitako giro ederra baliatuz, izan zen barra ertzean bertsotan eta dantzan jarraitu zuenik.

Finalerdietako saioak

Bergarako kanporaketaren ostean, finalerdietako kanporaketak honela geratu dira:
 
Apirilak 30, DEBA:
-Manex Astigarraga-Maddi Sarasua
-Josune Arakistain- Ander Zulaika
-Gemma Urteaga- Maider Arregi
-Aitor Irastorza- Koldo Gezuraga
 
Maiatzak 7, MARKINA XEMEIN:
-Eli Pagola- Iñigo Zubiaurre "Beitxi"
-Eñaut Martikorena- Imanol Lekunberri "Txilin"
-Asier Galarza- Aratz Igartzabal
-Aitor Salegi- Antton Aizpurua