Nondik dator Alkarri sortzeko ideia?
Ideia Alkarrekin prozesuaren barruan sortu zen, zahartzaro aktiboaren taldean.Hasieran, handik bideratzea zen asmoa baina, azkenean, bide propioa egitea erabaki dugu. Elkarteak bost pertsonaz osatutako batzorde bat izango du eta koordinazio-lanak egingo dituen liberatua izango dugu. Horrekin batera, boluntario moduan jardun nahi duten herritarrek ere izango dute parte hartzeko aukera.
Ze ekarpen egin nahi duzue?
Hasieran,egoitza eta jubilatuen elkartearekin batera umeen eta nagusien arteko zubi-lana egitea geneukan buruan. Baina, gerora, konturatu gara herrian jende nagusi asko bizi dela bakarrik etagure asmoa da pertsona horiei gizarteratzen laguntzeko sarea osatzea, boluntarioekin. Herriko elkarte guztiekin batera lan egin nahi dugu, adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko.
Herrian dagoen adineko kopuruaren inguruko daturik baduzue?
Matia Fundazioak txosten bat egin zuen orain dela bi urte eta han jasotakodatuen arabera, soraluzetarren %22ak (882 pertsona) 65 urtetik gora ditu eta horietatik 271k 80 urte baino gehiago dauzka. Gainera, aurreikuspenek diote etorkizunean hemengo biztanlegoa are gehiago zahartuko dela.
Beste nonbaiten garatutako esperientziaren bat erabili duzue eredu moduan?
Ahalegindu gara beste esperientzia batzuetatik ikasten. Bartzelonan La Caixa Fundaziokoek ospitaleetan lan egin dute familiei laguntzen, Durangon batxilergoko ikasleekin bisitak antolatzen dituzte egoitzara… Europa aldean,Finlandian, adibidez, pertsonengan zentratutako asistentzia lantzen dihardute, pertsonei bere bizimoduaren gaineko kontuetan erabakitzeko aukera emanez. Hemen Matia Fundazioak dihardu bide hori lantzen.
Aurten zein ekimen egiteko asmoa duzue?
Aurten bost proiektu landu nahi ditugu: “Pirata botila” egitasmoa, nagusien eta gaztetxoen arteko harremana bideratzea helburu izango duena; “Irabazten” proiektua, Jaurlaritzak bultzatutako herri lagunkoien zerrendan sartzeko helburuarekin; “Gurpilen” proiektu-pilotua, adinekoak herrira jaisteko helburua duena; egoitzan eta jubilatuetan sare sozialen erabilera bultzatzeko egitasmoa, gero eta azkarrago doan mundu honekin konektatuta manten daitezen; eta “pintxo pote residentziala”.
Zer izango da “pintxo pote residentziala”?
Bizikaleko ostalariak hilean behin egoitzara joan eta pintxo bana eskaintzea da asmoa, urtearen amaieran pintxoak bozkatu eta jai bat egingo dugu elkarrekin. Horixe izango da apirilean martxan jarriko dugun lehenengo proiektua, “Pirata botila” egitasmoarekin batera. Bigarren honetan herriko ikastetxeek, egoitzak eta jubilatuen elkarteak parte hartuko dute.
Zela bilatuko dituzue boluntarioak?
Ahaleginduko gara proiektu bakoitzerako boluntarioak bilatzen. Poliki-poliki joan nahi dugu jendea batzen. Bereziki zaindu nahi dugu boluntarioen lana, denbora luzean eta gustura egon daitezen. Apirilean aurkeztuko ditugu egitasmoak eta Alkarri.org webgunea ere bai. Hortik aurrera, jendeari parte hartzeko gonbitea egingo diogu.