“Soraluzetarrok sekulako altxorra daukagu ibaian” (herritar bat)

E. Unamuno. /Argazkiak: G. Azkarate. 2016ko mar. 22a, 14:20

Udaleko kirol sailak antolatutako piragüismo ikastaroa dela eta ibaia piraguaz beteta izan da atzo eta gaur goizean. Ekimenak sekulako ikusmina sortu du herritarren artean. Herritar asko zubiko barandillatik ibaira begira ikusi ditugu. 

Gaur goizean denbora luzez ibaira begira egon den herritar batek zera adierazi digu: “piraguei esker Soraluzen daukagun altxorra deskubritu dugu berriz. Etorkizunean gauza gehiago egin behar lirateke, batez ere gaztetxoek ibaian ibiltzeko ohitura berreskuratu dezaten”.

Alkarrekin prozesuaren hastapenetan Jose Luque herritarrak behin eta berriz aldarrikatu zuen ibaia piraguismoa eta bestelako ur-kirolak egiteko leku paregabea dela. Proposamen horrek bidea egin du, eta, azkenean, Udalak piragüismo ikastaroa antolatu du. Atzo eta gaur Bergarako piragüismo elkartea arduratu da piraguak ekarri eta ikastaroa emateaz.

Maiatzeko kirol egunean, berriz

Alkarrekinen kirol taldekoak maiatzean kirol eguna antolatzeko asmotan dihardute eta aurreratu dutenez, ibaira piraguak ekartzeko asmoa dute. Gainera, gaztetxoekin batera edozein adinetako pertsonek izango dute parte hartzeko aukera.  

Erlazionatuak

Piraguak presa jeisten

Frantziska Iraolagoitia 2016 mar 22 Soraluze