Gazte Danbadara joateko deialdia

Debabarreneko Ernai 2016ko mar. 16a, 13:16

Aurten ere Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek antolatuta Gazte Danbada jaialdia ospatuko da Aste Santuan. Aurtengoan Laudion izango da eta Debabarreneko Ernaik gazteak bertaratzera animatu ditu. Egitarau zabalean, hitzaldiez, tailerrez, kontzertuez eta jaiaz gozatzeko aukera izango da.

Hiru egunetako jaialdirako bonoa 35 €-ren truke eros daiteke Eibarko Beleko tabernan, Debako Maxi tabernan eta Ermuako Infreñu tabernan. Bestetik, egun bakarrerako sarrerak ere eros daitezke 15 €-ren truke Arrasateko Irati herriko tabernan eta Antiguoko Platero herriko tabernan. Debabarrenetik autobusa antolatuko da Laudiora joateko.

Bonoa erosten dutenek, kontzertu guztietarako, akanpalekurako eta dutxetarako sarbidea izango dute. Hiru egunetarako joateko asmoa dutenek kanpin denda, lo zakuak eta abarrak eraman beharko dituzte beraz.

Egitarau osoa www.gaztedanbada16.info webgunean edo Arrano eta Gaztetxean dauden esku orrietan ikus liteke.

HITZALDIAK

Besteak beste, gai hauek izango dituzte hizpide: gazteek bizi duten prekarietatea, burujabetza, autogestioa, Euskal Estatuaren eraikuntza, independentzia, amnistia, Ipar Euskal Herriko errealitate instituzionala, internazionalismoa, Euskal Herria Zuzenean festibala, elikadura burujabetza, komunikazioa, hezkuntza, drogak, euskalgintza, kirola, geopolitika etab.

Gainera, hainbat lagun gonbidatu dituzte hitza hartu eta eztabaida sustatzera: CUPeko Anna Gabriel, Eskoziako hautagaia den Cat Boyd, Jule Goikoetxea, EH 11 koloreko lagunak etab.

TAILERRAK ETA KULTUR ESKAINTZA

Ekintza praktiko mordoa ere izango dira: zirkua, josten ikasteko saioa, xamurtasun tailerra, serigrafia eta txantiloiak egiten ikastekoak, “ideiatik formara” sorkuntza prozesua, rap eta sendabelar tailerrak, antzerkia, tratu onak, sormen prozesu kolektiboa etab.

Kultur eskaintzari dagokionean,  Ez da kasualitatea bertso saioa, Erractus poesia saioa, espetxearen inguruko poesia emanaldia, Marx attacks antzerkia, African dance, zumba euskaraz, agro olinpiadak, Lekeitioko Deabruak, Joseba B. Lenoir eta Olatz Salvador, elektrotxarangak, Aiaraldea Sound System, Electroswing, performancak eta beste hamaika kontuz gozatzeko aukera izango da.

KONTZERTUAK

Musika eskaintzari dagokionean, bi gune nagusi egongo dira aurten. Oholtza gainean bakerik ez! ekimeneko 27 talde igoko dira bi eszenatoki horietako batera, eta parte hartu duten beste hainbat taldek herrian egingo den Rock Maratoian jotzeko aukera izango dute. Topatu.eus webgunean daude entzungai ekimenean parte hartu duten 66 taldeak.

Karpa nagusian, aldiz, honako hauek joko dute: Esne Beltza, Afu, Gatibu, Norte Apache, McOnak, Blaka, Sorkun, Non Servium, Arkada Social, Juantxo Skalariak, Ken Zazpi, Gose, Pixontxis, Belako, Las Tea’s Party eta Xutik.