Sabinen lagunen taldeak hainbat ekimen antolatu ditu Sabini eta bere sendiari babesa adierazteko. Joan zen asteburuan egin zuten lehenengo ekimena, Beasaingo Gaztetxean, eta martxoaren 26an egun pasa antolatu dute Baigorrin (Baxe Nafarroa).
Soraluzen ere antolatu dituzte ekimenak: martxoaren 22an, martitzena, elkarretaratzea deitu dute Plaza Berrian eta elkarretaratzearen ostean, bere urtebetetzeagatik zoriontzeko argazkia aterako dute. Apirilaren 11n Sabinen urtebetetze eguna dela-eta, mendi irteera eta bazkaria antolatu dute Gaztetxean.
Atxiloketaren urteurrena
Martxoaren 23an beteko da urtebete Frantziako poliziak Sabin atxilotu zuenetik. Hilabete batzuk beranduago, ekainaren 8an, Sabin Espainiara estraditatu zuten, Paueko auzitegiak Espainiatik bidalitako bi euroaginduak onartu eta gero. Euroaginduetan kale-borrokako ekintzetan parte hartu izana egozten zioten Sabini. Orduz geroztik, 2009an Auzitegi Nazionalean ezarri zioten lau eta erdiko espetxe zigorra betetzen dihardu. Lehenik Madrilgo Soto del Real espetxean eta gero Valladolideko espetxean, Soraluzetik 303 kilometrotara.