"Gaurtik aurrera herri-kontsulta prestatzen hasiko gara" Gure esku dago

Egoitz Unamuno. Argazkiak: Gaizka Azkarate. 2016ko mar. 13a, 09:20

Gure esku dagok Soraluzeko herri-kontsulta prestatzen hasiko dela iragarri zuen atzo arratsaldean zubian egin zuten ekimenean. Berrehunen bat lagun batu ziren eta hamarnaka kriseilu aireratu zituzten.

Txalaparta hotsekin hasi zen atzo arratsaldean Gure esku dagok antolatu zuen "Piztu erabakia" ekitaldi parte hartzailea. Berrehunen bat lagun batu ziren zubian eta, datozen hilabeteetan kontsultak antolatuko dituzten herri eta eskualdeei - Debagoiena, Goierri, Azpeitia, Dima, Ispazter...- atxikimendua adierazi ostean, Gure esku dagok iragarri zuen herrian kontsulta antolatzeko lanari ekingo diola: "gaurtik aurrera Soraluzen herri-kontsulta antolatzeko lanari ekingo diogu". Kontsultaren eguna eta galdera mugimenduan parte hartzen duten herritarren artean erabakiko dutela nabarmendu zuten: "esku artean duguna zeregin kolektiboa da eta denon artean erabakiko dugu noiz galdetu eta zer galdetu".

Herritarrak bazkide egitera ere animatu zituzten "mugimenduari finantziazioa eta indarra emateko". Soraluzen 150 bazkide egiteko helburua jarri zutela azaldu zuten "datozen bi urteotan hilean bost euroko ekarpena egiteko gertu dauden herritarrak behar ditugu.

Suzko kriseiluak zeruan

Kriseiluak aireratu aurretik, Ander Ariznabarreta eta Ugaitz Catalanek Ruper Ordorikaren Zaindu maite duzun hori kantua interpretatu zuten eta, ostean, Arianne Unamuno eta Arrate Gisasolak Eneko Beretxinagaren bi bertso kantatu zituzten. Kriseiluak aireratzeko unea heldu zenean, jendeak binaka edo launaka piztu zituen kriseiluak eta hamarnaka kriseilu aireratu zituzten bertan batutako herritarren gozamenerako. Mementu batez, zerua suzko kriseiluz beteta izan zen, Ezoziko Ama abesbatza Zenbat gara kantua kantatzen ari zela. Ostean kantatu zituzten, Guk euskaraz eta Gure esku dagoren ereserkia.  

Eneko Beretxinagaren bertsoak

Goizean jeiki ta ze aldartez
irteten garen plazara,
lehen hitzetik zein erabiltzen den
euskara edo erdara.
Non erosi ta non ekoiziak
sartzen ditugun poltsara,
ama_edo aita doan lanera
nor haurraz medikutara, 
telebistan zer ipintzen dugun
begi edo begirada,
autobus, tren, kotxe, bizikleta
noiz, nola mugitzen gara?
Azken baten zer izan nahi dugun
erabaki behar bada
gure eskutan erabakia
eguneroko gauza da.

Herri bat izan, herri izan ez
zer lur zati ta ze mapa?
Zer hezkuntza, ze ekonomia,
ze lege eta ze banka?
Nork erabaki zeinek agindu,
korroa ala butaka?
Bide berriak urratu edo
lehengotan segi bueltaka?
Altxa ahotsa, egin garrasi
eta zabaldu pankarta,
gure buruen jabeak gara
ta utziko dugu marka.
Erabaki da erabakia
delitua dela, falta..
hautua egin momentu hori
ailegatu egin da ta!

Doinua: Martxa baten lehen notak.