Soraluzetarrak ere izan dira Logroñoko espetxearen atarian

Egoitz Unamuno 2016ko mar. 1a, 13:03

Soraluzetarrak ere izan dira gaur goizean Logroñon, Arnaldo Otegiri Logroñoko espetxearen atarian egin dioten harrera-ekitaldian.

Arnaldo Otegi aske gelditu da 08:45ean. Logroñoko kartzela aurrera jendetza batu da Otegiri harrera egitera. Berrehun bat lagun elkartu dira, euren artean, hainbat soraluzetar ere bai. Unai Larreategi Soraluzeko EH Bilduko ordezkariak adierazi duenez "ederra" izan da bertan bizi ahal izan duten momentua.

Harrera ekitaldiak jarraipena izango du gaur arratsadean Elgoibarren. Otegi Free jaialdia iragarri dute arratsaldeko 18:30ean. Fermin Muguruza, Bad Sound System, La Basu, eta Aneguriak jarriko diote musika ekitaldiari eta, besteak beste, txalaparta, bertsolariak eta dantzariak ere izango dira. Arnaldo Otegik berba egingo duela ere aurreratu dute antolatzaileek. 

Anoetara joateko autobusa

Zapatuan, Free Otegi free them all  ekimenak antolatuta, Arnaldo Otegiri ongi-etorria emateko ekitaldia egingo dute Donostiako Anoeta belodromoan (17:30). Soraluzeko ezker abertzaleak bertara joateko autobusa antolatu du eta dagoeneko izena emateko aukera dago Arranoan. Autobusak arratsaldeko 16:00etan irtengo du Estaziñotik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.