Zer ari da gertatzen une honetan errefuxiatuekin?
Hasieran, Siriatik ihesi zihoazen errefuxiatuak inguruko herrialdeetan hartu zituzten eta kanpamenduetan gero. Bost urte pasatu dira eta kanpamenduetako egoera hain da txarra, ezen jendeak Europarako bideari heldu dion. Jendeak esperantza galdu du eta beren haurrei etorkizun bat eskaintzeko aukera bakarra Europara etortzea dela pentsatzen du. Bidaia oso gogorra da. Ibilaldi luzeak, elurra, haizea, tratu txarrak… Hasieran, gizonezko gazteak etortzen ziren baina, orain, emakumeak eta haurrak datoz.
Zela daude umeak?
Ailanen ostean 350 ume hil dira itota. Onartezina da Europako instituzioek eta jendarteak hartu dugun jarrera. Dagoeneko 35.000 haur daude trantsitoko herrialdeetan eta momentuz, gobernuz kanpoko erakundeok dihardugu horren ardura hartzen.
Nazio Batuen Erakundeak Europar Batasunaren jokaera kritikatu du.
Nik orain arte pentsatzen nuen Europak Afrikako herrialde txiroenetara laguntzarik bideratzen ez bazuen, hein batean, urruntasunagatik zela, orain ikusi dut ezetz. Arazoa Europan bertan dago eta Europak ez du ezer egiten konpontzeko. Jada inork ez ditu kuotak ere aitatzen.
Eta hemengo herritarren mobilizazioaren inguruan zer diozu?
Kuriosoa da. Haitin hondamendia gertatu zenean edo Irakeko gerra martxan jarri zutenean sekulako mobilizazioak izan ziren eta gobernuak behartu genituen neurriak hartzera. Horrelakorik ez dago orain. Beharbada izango da egoera konplexuagoa delako eta zailagoa delako bereiztea zein diren “zintzoak” eta zein “gaiztoak”, ez dakit.
Zein lan egiten du Unicefek errefuxiatuen alorrean?
Kanpaleku batean nengoela entzun nuena daukat gogoan: “gure zeregina laguntzea eta animatzea da, duintasunik gal ez dezaten”. Siria barruan ospitaleak eta oinarrizko zerbitzuak kudeatzen ditugu, zailtasun handiekin. Haurrak mafiengandik babesteko ere egiten dugu lan. Europan harrerarako zentruak eraiki ditugu, janaria banatzeko, familiak batzeko, umeak babesteko…
Zein baliabide dituzue?
Nafarroako komitean bi liberatu gaude eta 20 boluntario inguru. Nafarroan 5.000 bazkide ditugu eta urtean 1,7 milioi bideratzen ditugu Unicefera. Nafarroan bertan pobrezia-egoeran dauden umeei laguntzeko lan egiten dugu, instituzioei presio eginez, batez ere.
Zuk zeuk zela bizi duzu egoera hau?
Krisia hasi zenetik murrizketak izan dira eta baliabide gutxiago daukagu. Oso gogorra da premia duten herrialdeei laguntza moztu beharra.
Etorkizuna zela ikusten duzu?
Ni optimista naiz. Elkarrizketak hasi dira eta badut itxaropena egoera bideratuko dutela. Errefuxiatu gehienek euren herrialdera bueltatzea nahi dute eta nik espero dut hori posible izatea. Dena den, herritarren presioak baino ez ditu mugiaraziko gobernuak.
Herritarrei zein mezu helaraziko zenieke?
Egoera bideratu bitartean, pertsona guzti horiei laguntzen jarraitu behar dugula, norberak ahal duen bidetik eta mobilizazioetan parte hartuz.