Zer iradoki nahi duzue Korner Morea izenarekin?
Taldeko asko futbolariak gara eta hortik dator izena. Zelaiaren ertzetik golak sartzearen ideia gustatu zitzaigun, batez ere, golak sartzearena (barreak). Eta morea jarri diogu emakumearen kolorea delako.
“Indarkeriaren aurkako kolektibo” moduan definitu duzue zuen taldea.
Bai, ez gara emakume-taldea, feministak gara. Batzuetan feminista emakumearekin bakarrik lotzen da baina gure kasuan ez dugu hala izaterik nahi. Taldean neskak, mutilak eta batez ere, bestelakoak nahi ditugu. Emakumeok eta LGTB (lesbiana, gay, transexual, bisexual) garenok etsai bera dugu: zer maitatu behar dugun eta zelakoak izan behar garen inposatzen digutenak.
Emakumeen Topagunea eta berdintasunerako udal-teknikaria badaude, zergatik sortu duzue Korner Morea?
Gure burua gehiago kokatzen dugu kalean, jendearekin harreman zuzena izateko. Argi dugu aurrerapauso bat dela gaur egun feminismo instituzionalak indarra eta presentzia izatea baina bere mugak dauzka eta ez da toki guztietara heltzen. Dena den, osagarriak dira eta elkarri laguntzen diogu. Guk hutsune bat ikusi genuen, batez ere, feminismotik jende gaztearengana heltzeko eta hutsune hori estaltzen ahalegindu gara.
Lehenago ere izan dira herrian talde feministak eta LGTB mugimenduaren aldeko taldeak. Baina urte batzuk lanean jardun ondoren desegin dira…
Inplikazio handia eskatzen duen mugimendua da eta talde eragilean dauden indarrak jaisten baldin badira, desagertzeko arriskua dago. Sentsazioa da beti paretaren kontra jotzearena. Lehenago izan diren taldeak desagertu ziren, baina pertsona horiek hor jarraitu dute, lanean eta militatzen. Gure bokazioa da feminista izatea, eta beti izango gara. Beste kontu bat da une bakoitzean mugimenduak zer forma hartzen duen.
90eko hamarkadan emakume-taldean jardun zutenekin topaketak egin zenituzten. Zer ikasi duzue haiengandik?
Segurtasuna ematen du, indarra. Ilusio handiz bizi dute feminismoa eta hori transmititu egiten da. Bi ahizparen arteko konplizitatea, “sorodidadea, sentitu genuen. Oraingoa baino giro erasokorragoan jardun behar izan zuten eta mila bizipen kontatu zizkiguten. Gomendio bat ere bai: “zaindu zuen burua”.
Aldarrikapena kultur sorkuntzarekin eta irudimenarekin uztartu dituzue. Zergatik?
Gure izaerarekin bat datorrelako. Gure artean asko gaude idazten, marrazten, musika jotzen… hasita. Mantazpitik errezitaldi musikatua egin genuen eta martxoan hiru saio egingo ditugu kanpoan. Artea, kultura, musika arma moduan erabiltzen ditugu. Hori da guk nahi duguna, egiten duguna jendearentzako erakargarri izatea.
Korner Moreak zein esparrutan eragin nahi du?
Zeharka denean. Bereziki gazteengan ikusten da interesa baina gero ez dute pausorik ematen mugimendura. Oso garrantzitsua da belaunaldi gazteak mugimendura erakartzea. Gainerakoan, herrian ondo egindakoak aitortu eta hain ondo egiten ez direnak salatzea ere bada gure zeregina. Badago, adibidez, aisialdi-talde bat genero ikuspegia zaintzeko ahalegina egiten duena eta beste bat egiten ez duena. Gure jarrera beti izango da laguntzekoa baina salatu behar baldin bada salatu ere egingo dugu.
Parekidetasunari dagokionez, batzuk diote azken urteotan asko aurreratu dela eta beste batzuk atzeraka goazela. Zela ikusten duzue zuek bilakaera?
Alde batetik, optimista gara, aurrera egin dugu; baina ez nahi beste. Bikote harremanetan esaterako, jokabide menperatzaileak birsortzen ditugu, baita geuk ere. Baina garaipen bat da, gure ustez, eraso bat gertatzen denean 50 lagun batzea hori salatzeko. Dena den, moskeatzekoa da feminismo soziala inbisibilizatu nahi izatea eta hori instituzioek eta arduradun politikoek egiten dute.
Bestalde “feminista” berbarekin badago zerbait mesfidantza sortzen duena. Ezaugarri txarrak egozten zaizkio. Gauza batzuk esatearren “erradikaltzat” hartzen zaituzte, eta askotan erresistentzia gune nagusia familia izaten da. Horregatik hasten da iraultza etxetik.
Hilketak eta tratu txar fisikoak gaitzesten dira, baina, beharbada, beste maila bateko indarkeria ez. Zer da mikromatxismoa?
Badira ikusten ez diren indarkeriak, sutilagoak, egunero gertatzen direnak. Adibidez, tabernan kontua gizonari ematea… Guk geuk erreproduzitzen ditugu horrelakoak, jaso dugun hezkuntzak automatikoki horretara bultzatzen gaituelako. Mikromatxismoa esaten zaio, baina benetan makromatxismoa da. Betaurreko moreak jantzitakoan ikusten duzu matxismoa etengabe erreproduzitzen dela. Emakumeok gizonezkoak eroso sentiarazteko gaudela. Hori LGTB bikoteetan ere erreproduzitzen da.
Herritarrei zein mezu helarazi nahiko zeniekete?
Gure mezua, batez ere, indarkeria erabiltzen dutenei bieratutakoa da, inposatzaileei, eurak direlako aldatu behar dutenak. Bestalde, gizon- emakume, hetero-gay binomio horiek hautsi behar ditugu, badirelako horietatik aparteko izaera dutenak eta denok garelako pertsonak. Taldea zabalik dago, eta ez bakarrik emakumeendako, baizik eta laguntza eman edo jaso nahi duen guztiarendako. Desiatzen gaude taldekide berriak egiteko.