Iñaki Perurena Zinera etorriko da gaur "Harri eta herri" hitzaldia eskaintzera

plaentxia_com 2012ko eka. 7a, 14:27
Arratsaldeko 19.00etan hasiko da leitzarraren hitzaldia Zinean. Peruharri museoaz ariko da, Euskal Herriaren historia eta berak horren gertutik bizitako harriaren gainean hausnarketa egingo ditu. Irakurri Pil-Pileani eskaini zion elkarrizketa
 
 
 
IÑAKI PERURENA (Leitza, Nafarroa, 1956)
Historia errespetu osoz hartu behar da, iraganak etorkizuna argitu lezakeelako”

Harrijasotzailea baino gehiago dela aspaldi frogatu du leitzarrak eta bere azken erronka “Harri eta herri” izeneko hitzaldi eskaintzera etorriko da datorren ekainaren 7an Zinean.

Harri eta herri”. Zer esanahi dute bi hitz horiek zuretzat?
Nere mundua harrizko mundua ere bada eta mundu horren bidetik herri bat ezagutu dut. Harriak aurrehistoria esaten digu, gazteluak ekartzen dizkigu gogora, herri honek nola antolatu zuen bere babes sarea... “Harri eta herri“ Arestiren poema ere bada, harrizko herri bat eta tarteka-tarketa bat edo bestek harrikada dexenteak ere bai.

Peruharri museoa sortu zenuen, horixe islatu nahi izan duzu bertan?
Hemen gure harrizko mundu hau jendeari erakusten saiatzen naiz. Urte garai honetan eskolak etortzen zaizkigu eta pixka bat jolastuz harri artean ibiltzen ditut umeak.

Zenbat denbora behar izan duzu berau eraikitzeko?
Idazle batek liburu bat idazten duenean ezin zaio esan zenbat denboran idatzi duen. Aurretik ere burutazioak izaten direlako eta horiek ez direlako askotan kontutan edukitzen. Aspaldiko amets bat da.

Uste duzu lagundu duela Nafarroaren, euskal kulturaren eta euskeraren historia hobeto ulertarazten?
Ze esango dizut ba! Neretzako pretentsio haundiegia izango litzake baina zerbaitetarako lagundu baldin badu ba ongi etorria izan dadila. Gero badakizu zer gertatzen den? Jatetxe batean bezala, bat etorriko zaizu txuleta haundi baten bila, beste bat berriz barazkijalea izango duzu... Honera etortzen direnak batzuk historiaren puntutik egingo diote, besteek harrijasotzaileen atzetik doaz, naturaren ikuspuntutik...bakoitzak bere aldetik ikuitzen dio.

Harrijasotzeak, kirolak berak ere izan du eboluzioa ezta? Teknikak asko hobetu dira... Baina etorkizunean lekurik izango al du?
Beharko luke izan. Harriak ez badu tokirik herriak ere ez du gehiegirik izango. Bata besteakin lotuta daude. Ni saiatzen naiz azaltzen harrijasotzea ez dela indar lan bat soilik, indarra landu dugula baina buruari emanez teknika berriak ere bilatu ditugula, nolabait badela bilakaera bat hor dagoena.

Interneti esker oso ezaguna egin da zu euskalduna ez zinela Bilboko kazetariari eman zenion erantzuna. Euskaldunok ere ez al gara askotan izaten ezjakitun gure historiarekiko?
Bai, seguraski bai, kazetari horri bota zaizkion akatsetan, geu ere erortzen gara askotan. Askotan, gure historiako etapak azkeneko etapari mugatzen ditugu. Azken tartea ezagutzen baldin baduzu badirudi aurretik ez dela besterik egon. Hain justu, aurreko astean egin den Atlantiar biltzarrean Stephen Openheimer genetetista egon da. Esan du Bretainiako jendea hemendik joan ote zen orain dela milaka urte, Amerikara ere bai, ... Historia errespetu osoz hartu behar da eta historia hori jakitea ondo dago, beharbada iraganak etorkizuna argitu lezakeelako.

Eta zein etorkizun ikusten diozu gure herriari, egoera berri honetan?
Beti zurrunbiloetan galduta bagenbiltz bezala, euskal senak bere barruan ote duen edo bakoitzak bere bidea hartzen dugun iruditzen zait... Gogoratzen naiz Leitzarango autobia egiteko garaian politiko bakoitza karpetan bere planoekin joaten zela. Bakoitzak bere bidea teknikari batek bezala azaltzen zuen eta gero zer da, eta bost edo sei proposamen ziren autobia nondik egin behar zen esaten zutenak. Ez dakit, politikan edo herriaren etorkizunari buruz ere bakoitzak bere bidea ez ote dugun jorratzen. Badirudi bakoitzak duela egi osoa eta horrela gabiltza bestea kolokan jarriz.

40 urteko ibilbide luzea egin duzu harrijasotzaile. Hala ere, ez zara geldi egoteko pertsona, bestelako gauzetan saltseatzen ikusiko zaitugula iruditzen zait... zer duzu eskuartean?
Nik formulatxo bat badaukat, okupazioak, preokupazioa desokupatzen du. Okupatuta zaudenean kezka gutxiago etortzen diran burura, edo burutazio gutxiago. Zer esan! Uste dut bizitza bat dugula denok, zorte batzuk ere behar dira eta batzuendako gauza batek garrantzia du, besteentzako beste batek, baina zerbait egiten ibiltze hori polita dela uste behar dut.

Zuk publikoki esana da ez duzula lotsarik jendaurrean zahartzeko...
Hori esaten nuenean uste nuen ez nintzela zahartuko, baina zahartzen ari naiz! Eta noski, harria jasoz zahartu nahi nuke ahal dudan neurrian. Noski, garai batean erakustaldi bat egitera joaten nintzenean, ez zegoen azalpen gehiegirik eman beharrik. Lehengo astean semea gerriko minez eta neu bakarrik joan nintzen erakustaldia egitera, eta esan nien: “Ez ezazuela uste ni garai bateko Perurena naizenik! Egunean txikiagoak jasotzen ditut eta!” Harri jasotzailea datorrenean beti ikusi izan dugu sekulako pertsona indartsu bat. Baina harrijasotzailea herri honen kulturaren zati bat ere bada. Alde horretatik ere azaltzea uste dut interesgarria badela.

Horretaz ere arituko zara hitzaldian ezta?
Horixe. Aurrena bideo txiki bat jarriko dut, Peruharriri buruz pixkat hitzegingo dut eta hausnarketa batzuk ere botako ditut. Gero galdera erantzunentzako tarte bat utziko dut. Gertatu izan baitzait, ikutu ez duzun arlo baten gainean jendeak jakinmina izatea eta erantzuteko ahalegina egingo dugu behintzat.