Ikusgai dago dagoeneko Galtzagorrixek joan den zapatuan grabaturiko lipdub-aren bideoa. Helburua aurtengo Santiago-Santa Ana jaien aurreko giroa berotzea izan da, modu berean, jai herrikoi eta partehartzaile batzuk sustatu eta aurten egon den parte hartze hori isladatzea ere. Izan ere, bideoan herriko talde, elkarte, norbanako mordoxka batek hartu du parte, guztira, 400 bat lagunek.
Jai batzorde sendoa eratu dute aurten Galtzagorrixak, 15 eta 30 urte bitarteko 40 gaztez osatua. Ohar baten bidez grabazioaren filosofia zein zen gogoratu dute: "Herria mugiaraztea baina festa eginez, zergatik ez." Horrez gain, eskerrak eman dizkiete lipdub-ean parte hartu zuten guztiei: "Zuek gabe ez zen posible izango!".
Hona Galtzagorrixak gazte mugimenduaren oharra:
"Soraluzeko jaiak gainean dira eta lana sendo egin dugu aurten ere jai herrikoi eta parte hartzaileak antolatzeko asmotan. Aurtengoan berezia izan da gainera, gazte mugimendu izaera gureganatu eta asanblada potentea osatu baitugu, 15 urtetik 30 urte arteko gazteak batuz. Ilusio handiz egin dugun egitaraua da. Orain jaietan festa eta lana uztartu beharko ditugu dena behar den bezala atera dadin.
Larunbatean lip-duba grabatu genuen gainera Mugittu Gherrixa lemapean, hori baita filosofia. Herria mugiaraztea baina festa eginez, zergatik ez. Itziarren Semeak taldearen Mugi Gerriak kanta baliatu genuen horretarako. 400 herritar inguruk parte hartu zuten lip-dubean jarrera ezin hobez. Talde zein norbanakoak, bakoitza bere kolore eta aldarrikapenekin.
Amaitzeko eskerrak eman nahi dizkiogu berriz ere lip dubean parte hartu zuten herritar guztiei. Zuek gabe ez zen posible izango!
Soraluzeko jaietan parte hartu! Giro bikaina egongo da eta!
Mugittu Gherrixa!"