Sua izango da gaur gaueko protagonista

plaentxia_com 2011ko eka. 23a, 12:47
Plaza Barrixan sorgin afaria, antzerkia eta sorgin dantzak prestatu dituzte. Iluntzeko 21.00etan hasiko da San Juan Suaren inguruko jaia.

 
 
 
 
 
Ekainak 23 da gaur, San Juan bezpera. Urteko egunik luzeena eta gaurik motzena ospatzen den eguna. Gaurko egunez, suak protagonismo berezia izango du munduko hainbat herri, hiri eta baserrietan, eta baita Soraluzen ere.
 
Pil-Pilean Euskara Elkarteak eta Urrats Dantza Taldeak egitaraua prestatu dute gaur gauerako. Plaza Barrixan San Juan sua egingo da udako solstizioari ongi etorria emateko.
 
Iluntzeko 21.00etan sorgin afari partehartzailea egingo da. Afaltzeko janaria bakoitzak bere etxetik ekartzeko eskatu dute, gero denen artean banatzeko.
 
Gaueko 23.00etan "Iluntasunetik kimutzen da argia" antzezpen musikatua eskainiko dute. Horren ostean, udako solstizioari ongi etorria emango zaio. 
 
Sorgin dantza egingo dute gero suaren inguruan. Urteko oroitzapen txarrak sugarretan desagertzeko, sasi guztien gainetik salto!
 
Gauerdian, edabe majikoa banatuko dute musikaz goxaturik.
 
Gaztetxeko San Juan sua, U-ko orubean
Sua ere egingo dute gaztetxekoek,  baina aurretik, afari-merienda bat prestatu dute bertaratzen direnentzako. Suaren gainetik salto egin ostean, sorpresak egongo direla iragarri dute.