"75 urteko isiltasuna hausten" erakusketaren aurkezpen ekitaldia egingo dute bihar zinean

plaentxia_com 2011ko api. 15a, 15:38
Osintxuko dantza taldeak hartuko du parte eta lan-taldeak jasotako testigantzak bideoan proiektatuko dituzte.
 
 
 
 
 
 
 
Soraluze 1936 Lan Taldeak antolatutako erakusketak bihar zabalduko ditu ateak. Aurretik, ordu erdi bat iraungo duen aurkezpen ekitaldia egingo dute Zinean, 13.30ean.
 
Osintxuko dantza taldeak dantza egingo du herriko musikari eta kantariek lagunduta. Ostean, Lan Taldeko kideek manifestua irakurriko dute eta elkarrizketatu dituzten 20 adinekoen artetik aukeratutako testigantza batzuk proiektatuko dituzte. 
 
Taldeko kideek herritar guztiak gonbidatu dituzte, "ahaztutako sufrimendua eta pertsonak gogoratzea helburu daukan ekitaldira". 
 
Erakusketak lan-taldeak urtebetean zehar batutako informazioaren zati bat erakutsiko du. Errepublika sasoitik (1934) gerra osteko lehenengo urte bitarteko (1942) garaira bitartekoa jasotzen du. Denera 8 bat taula osatu dituzte adinekoen testigantzak, dokumentu esanguratsuak, argazkiak eta beste hainbat materialekin osatuta. 
 
Erakusketaren helburua gai honen inguruko gogoeta piztea da eta informazioa eta materiala batzen jarraitzeko harreman-gunea izatea.