Bingen de Pedrok argia protagonista duen erakusketa inauguratuko du gaur

plaentxia_com 2011ko mar. 18a, 13:36
Egoera ekonomikoa ahal bezala gaindituta beste 11 erakusketa antolatu ditu Alberto Ramirezek aurten.
 
 
 
 
 
 
 
 
 
Bingen de Pedro artista bergararrak papel eta lientzoaren gainean margotutako 25 margolanez osatutako erakusketa inauguratuko du gaur Oreka Arten. "Luz oculta" (ezkutuko argia) izena ipini dio bildumari, hona arrazoiak: 
 
"Argia kuadro batzuetan ebidentea da, begibistakoa, normalean ikusten ez diren argi erreflexuak ageri dira, pintura, argia delako eta askotan, ezkutuan egoten da. Beste lan batzuetan berriz, argi garbia eta argi izpiak ikusten dira" dio De Pedrok. 
 
Kuadro batzuk hiru dimentsiotan egin ditu: "Kuadroaren beraren sargune eta irtenguneekin jolastu dut eta bata bestean gainjarriz, hiru dimentsioko bolumena duten eskultura-margolanak osatu ditut".
 
Bingen de Pedro bergararra da. Beti ibili izan da artearen munduan. Arte eta ofizioak ikasi zituen Gasteizen eta Arte Ederrak Parisen eta ordutik munduko hainbat tokitan erakusti ditu bere lanak, Bilbon, Madrilen, Japonian, Parisen, Argentinan... Erakusketa hau apirilaren 3ra arte egongo da Oreka Arten. Hurrengo erakusketa Rikardo Azkargortak zabalduko du apirilaren 15ean.
 
 11 erakusketa gehiago Oreka Arten
Oreka Art galeriak etorkizun nahiko iluna ikusten zuen 2010 urte bukaeran. Guztira 20 erakusketa antolatu zituen eta horien gastua mantentzeko "larri" ibili dela azaldu du, Alberto Ramirez galeriako kudeatzaileak.
 
Gogoan ditu horregatik, Soraluce Kooperatiba, bere erakusketen babeslea izan delako, baita Soraluzeko Udala, nahiz eta dioenez, aurten antolatutako 11 erakusketatik 6 babestuko dizkio eta etorkizunari dudati begiratzen dio, "ea zela moldatzen naizen gainontzeko bostak ere antolatu ahal izateko". 
 
Hala ere, aipagarria da arazo ekonomikoetatik gaindi, Ramirezek 11 erakusketaz osatutako egitaraua antolatu duela 2011 urterako. Pozik azaldu da 2009ko uztailean inauguratu zuenetik jende interesatu asko etorri delako:
 
Alberto Ramirez: "Soraluzen arteak jauzi bat behar du" 
"Galeria zabaldu nuenetik egia da ezagutzera eman dela. Hainbat lekutako galerien katalogoak eta informazioa heltzen zaizkit bertara, kanpotik ere etortzen da jendea Oreka Art galeriara eta asko harritzen dira, horren ezkutuan dagoen herrian modu honetako erakustareto bat aurkitzeaz".
 
Gogoratu du orain arteko artisten maila ona: "Hemen izan ditugun erakusketak ez dira nolanahikoak izan. Zirkuito desberdinetako jendea etorri da, erakusketa eta feria oso garrantzitsuetan ibilitakoak gehienak, New York, Miamin zein Berlinen ibilitakoak.
 
Espero dut proposamen interesgarriak ekarri ahal izatea. Modu horretan ia bertako jendea ere badatorren zer dagoen ikustera. Izan ere, Soraluzen arteak jauzi bat behar du ". 
 
De Pedro: "Soraluzen duzuena arraroa eta enbidiagarria bada"
De Pedro artistak bere lana eskertu nahi dio Ramirezi: "Albertok egin duena ederra da. Soraluzen duzuena arraroa eta enbidiagarria ere bada. Espero dut jendeak erakusketa ikustea eta neregatik bakarrik ez, Albertoren hobebeharrez ere, kuadroren bat saltzea".
 
bingen.ng.jpg
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
Argazkia: Jorge Muñoz