Gaztelupeko Hotsak Austingo "South by Southwest" musika azokan egongo da

plaentxia_com 2011ko mar. 15a, 11:42
Zigiluak askotan egin izan du kanpoko musika jaialdi eta azoketara bidaia. SWSX.com
 
 
 
 
 
 
 
 
Soraluzeko Gaztelupeko Hotsak zigilua Austineko (Texas) "South by Southwest" jaialdian izango da gaurtik datorren martxoaren 20ra. Musika, zinea eta interaktibitateari zuzendutako azoka da hau eta bost egun hauetan musikak izango du protagonismoa. Ez da Hotsak-ek kanpoko azoka batean parte hartzen duen lehen aldia, hala azaldu du Ubane Uzin, zigiluko arduradunak:
 
"Gu normalean, urtean zehar Euskal Herritik kanpo egiten diren musika ferietara joan izaten gara (Midem-Cannes, PopKom-Berlin, Womex-Copenhagen, Vic-Katalunia, Monky week- Puerto de Santa maria...) Orain dela urte batzuk hasi ginen horrela kanpoan zer egiten den ikusteko, gure katalogoa erakusteko, kontaktuak egiteko...Egia esan oso mesedegarri egin zaigu. Salmentak eta harreman interesgarriak egitea lortu dugu eta merkatua eta musika mundua nondik nora dabilen ikusi ahal izan dugu".  Gainera, eurekin diskoa atera duten Capsula Euskal Herrian bizi diren argentinarrek kontzertua eskainiko dute bertan.
 
Profesionalen azoka 
Austingo jaialdi hau rockeroagoa dela dio Ubanek eta ez omen dira hemengo estiloko azokak izaten, bertatik bertara saltzekoak baizik eta profesionalenak:  "Ez dira zuzenean saltzeko azokak. Hara joaten direnak profesionalak izaten dira: diskoetxeak, banatzaileak, musikariak...eta emaitzak askotan ondoren nabarmentzen dira. Guk lortu izan ditugu diskoak kanpoan lizentziatzea, salmenta zuzenak egitea, beste herrialdetarako banaketa estableak eta horrelakoak lotzea". 
 
Kontua da euskal zigilu bat lehenengoz Austingo azokan egongo dela eta nahiz seguru ez dakiten zela joango zaien itxaropentsu doaz: "Ameriketan, Europarekin alderatuz seguru gauzak desberdin funtzionatzen dutela. Baina beti bezala itxaropentsu gaude".
 
gaztelupeko.jpg