Maite Narbaiza, bailarako Atzegiko arduraduna: "Gure erronka pertsona hauek guztiz integratzea da"

plaentxia_com 2011ko mar. 10a, 12:53
50 urte bete ditu elkarteak 1960an sortu zenetik. Argazkian Eibarko Atzegiren lokala.
 
 
 
 
 
 
 
 
ATZEGI-k 50 urte bete ditu aurten bere sorreratik. Maite Narbaiza, debabarreneko arduraduna da. Aspalditik Soraluzen bizi den eibartar honek, 30 urte inguru egin ditu elkartean urritasuna duten pertsonekin bolondres lana egiten. Bertatik bertara ezagutu zuen arazoa: "Nik familiatik ezagutu neban problematikia eta burubelarri sartu nintzan eurekin lanian".
 
Narbaizak kontatzen duenez, orain dela 50 urte egoera guztiz desberdina zen. 1960 eta 1970eko hamarkadetan gizarteak ez zuen adimen urritasunaren arazoa ezagutzen eta administraziotik ere ez zien inolako arretarik eskaintzen.
 
Hurrengo hamarkadetan aurrerapauso batzuk eman ziren, administrazioak arazoaren kontzientzia hartu zuen eta gizartea bera, arazoa ezagutzen hasi zen. 2000ko hamarkadan, bolondresen laguntzaren beharraz konturatuta, Atzegizaleen "figura" sortzen dute, lagun bolondresen sare bat: "Ondio be horixe da bihar doguna, laguntzeko prest daguan jendia, maiztasun batez parte hartuko dabena. Izan be, hainbat dira hasi eta pixkatera etortziari lagatzen dotsenak. Esperientzia oso ona eta aberasgarrixa da eta emoten dabena baino askoz gehixago jasoko dau bueltan guregana datorrenak. Bihotzez nabil".
 
Eibarko Txolarte elkartean lokal txukuna du Atzegik eta bertan batzen dira debabarreneko lagunak, baita plaentxiarrak ere.
 
2010eko erronketako bat, bizi-kalitatea hobetzea
Elkarteak aurrera begira duen erronka, adimen urriko pertsonen bizi kalitatea hainbat eremutan hobetzea da. Hezkuntzan, laneko aukeretan, etxebizitzan aurrera jarraitzea alegia: "Asko aurreratu dogu, baina gure helburua daguaneko guztiz integratzia da. Honek pertsonak be ahal dabe, polikaxago baina ahal dabe. Ze, zein da gai gauza guztiak egitteko? Danok bihar dogu laguntza, neurri haundixaguan ala txikixaguan, baina danok bihar dogu".
 
{mosimage} 
 Eibarko Txolarte elkartea.