0-2 urte bitarteko umeen gurasoek hezkuntza azpiegiturak haunditzeko eskatu zioten zinegotziei

plaentxia_com 2011ko ots. 3a, 12:46
Atzoko udalbatzarrean haurreskolako plaza kopurua haunditzeko beharra dagoela eta irtenbide bat topatzeko eskatu zieten herriko politikoei.
 
 
 
 
 
Atzoko udalbatzarrean eskari eta galderen atalak izan zuen protagonismo haundiena. Soraluzeko hamar bat guraso, emakumeak guztiak, plenora hurbildu ziren eskari argi bat zutela. Horietako bat zinegotziei zuzendu zitzaion hezkuntza azpiegituren gainean eta zehazki haurreskolaren gainean galdetzeko. Euren ustez, gaur egun Soraluzen dagoen eskariarekin eskaintza txikiegia da eta eskatu zien, herriko benetako beharrak identifikatu eta arazoari irtenbide bat topatzeko. 
 
Roke Akizu Hezkuntza Saileko zinegotziak aurreko udalbatzarrean esana errepikatuz, kanpo finantzaketen zain daudela erantzun zien gurasoei, eta krisi ekonomikoarekin are zailagoa dela arazoari irtenbide bat ematea. Bere hitzetan, dagoen eskariari erantzun ahal izateko plaza kopurua bikoiztu egin beharko litzateke. Gai honek lehentasun osoa duen arren, aitortu zuen ez dela ausartzen irailera begira ezer agintzera. Jose Luis Arizaga alkateak beharra ikusten duela esan zuen eta aukera bat herriko lokal hutsak erabiltzea izan daitekeela.  
 
Momentuan, Soraluzeko haurreskolan 21 plaza daude. 0-1 urte bitarteko umeentzat 8; 1-2 urte bitartekoentzat 13. 2010ean 40 ume jaio zirela ikusita argi dago azpiegituren haundiagotzea beharrezkoa dela. 
 
Roke Akizuk gurasoei Hezkuntza Batzordean parte hartzeko gonbitea luzatu zien. Gurasoek berriz, deialdi bat egin dute datorren otsailaren 14an, 0-2 urte bitarteko umeen gurasoak eta haurdun daudenak bildu eta denen artean arazoari irtenbideak aurkitzeko. 19.00etan Allegro Elkartean izango da zita. 
 
 
 
{mosimage} 
 
{mosimage}