NAGORE, Nagore Laffageren gaineko dokumentala gaur Zinean

plaentxia_com 2011ko urt. 26a, 13:47
Bere amaren gogoetek gidatzen dute dokumentalaren haria eta senideen testigantzak, juizioan parte hartu zuten abokatuen iritziak eta tratu txarren aurkako taldeen adierazpenak jasotzen ditu filmak. 19etan izango da emanaldia.
 
 
 
 
 
Udaleko Berdintasun sailak antolatuta Helena Tabernak zuzendutako NAGORE dokumentala proiektatuko dute gaur 19etan Zinean. Luzemetraiak 2008an Iruñeako Klinika Unibertsitateko psikiatra batek San Fermin jaietan Nagore Laffage erizaintza ikasle nafarraren aurka egindako hilketa kontatzen du.
 
Filmea Laffageren amaren hitzek gidatzen dute eta senideen testigantzak eta juizioan parte hartu zutenen iritziak jasotzen ditu. Bi aldeetako fiskalen esanak eta genero indarkeriaren aurkako taldeen iritziak ere entzun daitezke. Dokumentalean gertaera tamalgarria gogoratzeko artxiboko irudiak eta gertaeren errekonstrukzioak tartekatzen ditu.
 
Yoana Azpitarte, Berdintasun Teknikaria:
"Parte hartze haundia egon da ekintzetan"
 
Gaurko proiekzioa, berdintasun sailak genero indarkeriaren aurka antolatutako egitarauko azken ekintza izango da. Yoana Azpitarte udaleko berdintasun teknikariak positibotzat jo ditu jardunaldiok, "Soraluze herri txikia izan arren parte hartze altua egon da ekintzetan. Ikusten da eskaintzen dugun zerbitzua pixkanaka indarra hartzen doala".
 
Guztira bost ekintza egin dituzte, "Amores que matan" filme laburraren emaldian eta kafe tertulian 18 emakumek hartu zuten parte; emakumeentzako antzerki eta jolas tailerrean 18 lagunek eta Autodefentsa ikastaroan zortzi emakume hurbildu ziren. Horrez gain hainbat kontzentrazioa egin dituzte genero indarkeriaren aurka "Beldur Barik!" lemapean.