ELKARTZENek jantoki herrikoia eta truke azoka egingo ditu Gabonetan

plaentxia_com 2010ko abe. 7a, 13:49
Gabonetako kontsumismoaren eta pobreziaren aurrean protesta egiteko ekimena izango da.
 
 
 
 
 
 
Gabonekin batera maiz agertzen den hitza da pobrezia, kontsumismoa bere gorenera heltzen den sasoian. Eskubide sozialen alde lan egiten duen ELKRTZEN elkarteak Atxolin Guraso Elkartearen laguntzarekin, horren aurka egin nahi du Eguberrietan eta bi ekintza antolatu ditu. Alde batetik, jantoki herrikoia egingo dute abenduaren 18an, kontzejupean eguerdiko 14:00etan.
 
Jantoki herrikoi hau bereziki pobreziaren mugaren azpitik bizi direnentzako izango da. Elkartetik azaldu dute propaganda egitea, janaria jaso eta zerbitzea bere gain hartuko dutela, baina herriko komertzioei eskatu nahi diete ahal duten neurrian janaria edota edaria emateko. Izan ere, elkarteak ez du inongo diru-sarrerarik eta beharrezkoa zaie merkatarien laguntza.
 
Abenduaren 10etik 14ra pasatuko dira produktuak jasotzera. Txartu daitezkeenak berriz, abenduaren 17an jasoko dituzte, jantoki herrikoia ospatu bezperan.  
 
Liburu eta jostailu truke azoka abenduaren 20an eta 21ean 
Bigarren ekintza truke azoka izango da, liburuak eta jostailuak trukatzeko eguna. Hilaren 20an eta 21ean egingo dute eta lehenengo egunean materiala jasoko dute eta 21ean trukatzeko. Ekintza hau ere sasoi honetako kontsumismoari aurre egiteko modua da, "zergatik kontsumitzen jarraitu beste pertsona batek behar duguna badu?" diote.
 
Pobreziaren muga 1.069 eurotan ezarri dute
Aurten, pobreziaren muga 1.069 eurotan ezarri da Hego Euskal Herrian. Muga hori Kooperazioeta Hazkunde Ekonomikorako Erakundeak (KHEE) erabiltzen duen irizpidearen arabera ateratakoa da, Barne Produktu Gordinaren %37'5 kalkulatuz. ELKARTZEN jakitun da herrian jende asko dagoela muga horren azpitik eta beharrezkoa ikusten du jendartearen sentsibilizazioa eguneroko arazo sozialen aurean.
 
Gabonetarako gutxien daukatenentzako egingo dituzte ekintzok “gazte nahiz heldu, gizon nahiz emakume, herrikoa zein etorkina izan”. Badakite halaber, bi ekintza hauekin ez dituztela desagerraraziko ez pobrezia ezta kontsumismoa ere, baina behintzat, protesta gisa dagokiena egingo dutela argi dute: "Beharrezkoa da jendartearen sentsibilizazioa eguneroko arazo sozialen aurrean eta baita kontsumismo basati honekin bukatzea, hauek egunez-egun, jendarte kapitalistaren menpeko egiten gaituztelako" dio ELKARTZENek.
 
JANTOKI HERRIKOIA
Abenduak 18, zapatua
14:00etan
Kontzejupean
 
Liburu eta jostailu TRUKE AZOKA
Abenduak 20-21, astelehena-martitzena
18:00etatik 21:00etara
Kontzejupean