Maite Kintanilla: "Saharan bizitakoa eta ikasitakoa nire inguruan erakusteko momentua da"

plaentxia_com 2010ko mai. 11a, 14:49

Maite Kintanilla gazte soraluzetarrak bi hilabeteko praktikak egin ditu Argelian dauden kanpamentuetan. Bera eta beste bederatzi lagun gehiago hango familiekin bizi izan dira 60 egunez, bertan urritasunen bat duten pertsonekin lan eginez burutu dituzte karrerako praktikak. 
 
 

Maite Kintanilla gazte soraluzetarrak bi hilabete egin ditu Argeliako kanpamenduetan. Heziketa Berezia ikasten dihardu, eta praktikak egiteko Tindufeko Aaiun probintziako Dora herria aukeratu du. Hango familiekin bizi izan dira 60 egunez, bertan urritasunen bat duten pertsonekin lan eginez burutu dituzte karrerako praktikak. 
 
Zein izan da zuen beharra bertan?
Hamarretik zazpi ezgaituen zentro baten egon gara eta beste hirurak berriz, haurtzaindegian. Egia esan joan aurretik ez genekien oso ondo zertara gindoazen. Informazio gutxi eman ziguten unibertsitatean eta. Orduan, bertara heldu eta bi aste egin genituen zer egin genezakeeen erabakitzen. Ikusi genuen lehenengo gauza urritasun desberdindun jendea gela berdinetan nahastua zegoela izan zen. Orduan guk hainbat proiektu martxan ipintzeko proposamena egin genien. Guk ez dakigu diagnostikoa egiten eta hangoek ere ezer gutxi dakite honen inguruan.
 
Zela antolatuta zeuden?
Eurak tailerretan eta gela desberdinetan banatuta zeuden. Nagusiak josten, aroztegian eta narrua lantzen egoten ziren. Eta gazteagoak, berriz, ezgaitasun graduaren arabera gela ezberdinetan banatuak. Gorrak zirenak, esaterako, gainontzekoekin batera zueden geletan. Antza denez, lehenago izan zuten irakasle bat eurendako, zeinu hizkuntza irakatsi zietena. Irakaslerik gabe geratu zirenean nahastu egin zituzten, epilepsiadunekin, paralisidunekin...  Horregatik, besteak beste gela bat atondu genuen eurendako. Gainera, gorrek gaztelaniaz erabiltzen den zeinu hizkuntza zekiten apur bat, eta gutako batzuk ere bagenekienez komunikatu ahal izan ginen eurekin.
 
{mosimage}
 
Ze beste gela sortu zenituzten?
15 urteko mutil autista  bat ere bazegoen, izkina batean edukitzen zutena eta berarekin lanean hasi ginen. Musikaren bitartez hango eguneroko bizitzan oinarrizko diren gauzak lantzeari ekin genion eta emaitzak ikusi ahal izan genituen. Behar zuena konfiantza giroa sentitzea zen, ez besterik. Horrez gain, fisioterapia gela bat ere muntatu genuen eta zeukaten materialari erabilera zela eman erakusten saiatu ginen, espazioa hiru gela ezberdinetan banatuz. Horrez gain, azken proiektu orokor bat ere ipini genuen martxan; ezgaitasuna herrian sozializatze asmora eta ikasleak zentrutik ateratze aldera.
 
Zelan bizi da urritasuna duen umea Saharan?
Denetarik dago baina oraindik ume batzuk etxean geratzen dira, garun paralisidunak esaterako, eta guk jakin ez ditugunak. Guk denekin eta denen artean proiektu bat sortu nahi genuen eta kaleratu, egoera normalizatze aldera eta erakutsiz gai direla erronka berriei aurre egiteko.
 
{mosimage} 
 
Zer bururatu zitzaizuen?
Antzerki bate egiteko proposatu genien euren herriaren gaineko ipuin batetik abiatuz. Gaztelaniatik Hassanierara itzuli genuen antzerkia, baita gorren hizkuntzara ere. Ume eta gela guztiek hartu zuten parte antzerkian. Dorako udaletxean antzeztu zuten, helburua geletatik kalera irtetzea zenez, ezgaitasunaren erronkari aurre eginez, herria sozializatzea.
 
Familiekin bizi izan zineten. Zela hartu zintuzteten?
Binaka eta hirunaka familietan banatu ginen. Nirea, ama, amama eta hiru umez osatutako familia zen. Aita Mauritanian zegoen eta seme nagusia Castellonen, ikasten.
Hasieran oso serioak ziren gurekin baina denborarekin etxean moduan sentitu ginen. Umeak ere hasieran lotsatuta, ez zitzaizkigun hurbildu ere egiten, bukaera partean ostera gainean izaten genituen! 
 
{mosimage} 
 
Euskal Herritik laguntza bidaltzen dugu urtero. Zuek ikusi duzue laguntza hori heltzen?
Dirua heltzen da bai. Baina banatzerako orduan ez dakit zela egiten duten. Lehen janaria denen artean banatzen zuten, baina orain Aaiun probintzian badaude negoziotxoak. Nire ustez, guk hemendik sortzen ditugu diferentziak. Garrantzia handiago du nere iritziz lan politikoak. Estankatuta daude eta horrela ez dute asko iraungo.
 
Azpiegitura aldetik nola daude?
Gu egon garen zentruan plataforma bat dago laguntza orokorrean zentratuta. Elikaduraz, garraioaz eta formakuntzaz arduratzen dira, baita umeak udan kanpora joateaz ere. Bestalde, wilaya edo probintzia bakoitzeko ospitale bat dago baina sendagile falta izugarria dago. Izan ere, unibertsitate ikasketak egiteko modu bakarra kanpora joatea da. Horrela, gazte asko Kubara joaten dira ikasketak burutzera lizentziatu direnean Saharara bueltatzeko. Ordea, askok nahiago dute ikasi ostean Espainiara joatea lanera, hango baldintzak hobeak dira eta. Horren harira sortu ziren Kubako "sendagile brigadak" anpamentuetan medikuak egotea bermatzen dutenak.
{mosimage} 
 
Han zelan bizi dute egoera politikoa?
Saharar herriak 37 urte daramatza bere lurraldetik kanpo, bizirauten. Urte asko dira dagoeneko. Euren hitzetan independentziaren lorpena armak eskuetan hartuta izango dela diote. Tamalez, okupazioa eta akanpalekuetara ihesa bizi zuen belaunaldia desagertzen ari da eta historia ez galtzeko lanean ari dira, historia batzen. Baina transmisio lanik gabe ez dago ezer egiterik. Gogorra da oso bertako egoera, baina ez da hobea Sahara okupatuan bizi duten errepresioa.
 
Eta Sahararen independentziaren aldeko aktibistak?
Sahara okupatuan bizi eta familia bisitatzera joaten direnean, bueltan, harrapatu egiten dituzte eta askok torturei eta gartzelari aurre egin behar izaten diote. Presoen aldeko elkarteak daude, horietako asko desagertu egiten direlako, antza denez, ezkutuko kartzelak ditu Marokok, eta jende pilo bat omen dago egoera horretan.
 
Emakumeak zelan bizi dira?
Ba, herri musulmana izanda ere emakumeen papela oso garrantzitsua da akanpalekuetan. Izan ere, gerra sasoian gizon gehienek eta hainbat emakumek armak hartuz borroka egitera alde egin zuten eta akaso bidean gelditu ziren. Orduan, akanpalekuetan emakumeak ziren nagusi. Eurak administratu zuten dena, ministerioen ardura, akanpalekuena... Horrez gain, emakumeak biltzeko nahiz ikasteko zentru ezberdinak eraiki dituzte. Hala ere, sexualitatearen arloa oso erreprimituta dagoen gaietariko bat da.
 
{mosimage} 
 
Erlijioak pisu handia du?
Islamak agintzen duen moduan ez dute alkoholik edaten eta txerrikirik jaten. Bestela, ablazioa gero eta gutxiago egiten zaie neskei. Preserbatiboak eta pilulak hasi dira heltzen, baina denek ez dituzte erabiltzen. Normalena da familiako 4-5 ume izatea. Mutilei 5 urte inguru dituztela egiten diete guk fimosioa deitzen dioguna, Horrz gain, egunero hainbat aldiz errezatzen dute eta emakumeen kasuan melfa jantzita ibiltzen dira gehientsuak.
 
Zerk harritu zaitu?
Ba harritu nauen gauzetako bat errespetuaren zentzua izan da. Guretzako eta eurentzako nahiko desberdina da. Tea eskaintzen zigutenetan eskerrak emanez erantzuten genien eta ez zuten horretarako beharrik ikusten. Gauzak mesedez ez eskatzen ere ikasi dugu... Errespetuaren oso zentzu desberdina dugu guk.
 
Etxera itzulera gogorra egin al zaizu?
Buelta oso gogorra egin zitzaidan. Oso harreman estua izan genuen familiakoekin, baita zentruko ikasleekin ere. Baina, hori baino gogorragoa izan da hemengo erritmo frenetikora itzultzea, izan ere, bertan egonean lasai egoten ikasi dugu eta hemen ez dugu horretarako astirik hartzen maiz.
 
Bueltatzeko gogorik bai?
Inongo zalantzarik gabe, itzuliko naiz. Baina ia kanpamentuetara beharrean, euren herrialdera den. Orain hemen, bertan bizitakoa, ikusitakoa nire inguruan erakusten saiatzeko momentua da. Bertako errealitatearen berri ematea, alegia, gure txikitasunetik asko egin baitezakegu. Indartsu itzuli naiz eta gauzak egiteko ilusioz beteta. Orain Euskal Herritik lan egitea tokatzen da, finian, nere lagun batek ondo esan zuen moduan hola laburbildu genezake, "BI HERRI, IRRINTZI BAT!".
 
{mosimage}