Itziar Buruntza: "Ikasleak behar ditugu instrumentuek eskolan iraun dezaten"

plaentxia_com 2010ko api. 29a, 14:29
Tronpa, tronboia eta zeharkako txirula ikasten jende gutxi dagoenez, ikasleak instrumentu horietara hurbiltzeko ahalegina azpimarratu du Buruntzak, matrikulazio kanpaina hastera doanean. Iazko ipuin musikatua frontoian.
 
 
Matrikulazio kanpaina datorren astelehenean irekiko da musika eskolan. Maiatzaren 3tik 15era bitartean eskola barruko ikasleentzako, 15etik aurrera berriz, jende guztiari zabalduko zaio izena emateko aukera ekainaren 3ra bitartean. 
 
Itziar Buruntza Musika eskolako zuzendariak jendea animatu nahi du bertan izena ematera. Izan ere, iaz txistuko klaseak bertan behera geratu ziren ikasle faltagatik eta horrek "pena handia" ematen duela aitortu du Buruntzak. Horrela, dagoeneko ikasle gutxi dituzten instrumentuak aipatu ditu: "ikasleak behar ditugu tronpeta, tronboia edo zeharkako txirulan, horiek ere galtzeko arriskuan gaudelako. Oso musika eskola txika da gurea eta daukaguna mantendu beharra daukagu".
 
Hala ere, Soraluzeko Musika eskolak eskaintza zabala du. Txikienentzako adibidez, musika tailerra dago: 4, 5 eta 6 urteko haurrentzako eta hizkuntza musikala 7 urtetik gorakoentzako.
 
Musika eskolako ikasgaiak
  • Hizkuntza musikala + Musika tailerra
  • Trikitixa
  • Panderoa
  • Biolina
  • Pianoa
  • Gitarra espainiarra, elektrikoa,
  • Baju elektrikoa
  • Klarinetea
  • Tronpa
  • Tronboia
  • Zeharkako txirula
  • Bateria
  • Eta gehiago
 
Debako musikariek kontzertua eskainiko dute bihar Zinean 
Barixakuan Deba Musikaleko ikasleak etorriko dira herrira Zinean kontzertua eskaintzeko. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da ekitaldia. Soraluzekoak martxoaren 12an izan ziren Deban eta orain eurak etorriko dira itzulerako kontzertua jotzera, trikitixa, bibolina, txistua, tronpeta, saxofoiak, soinuak, dantzariak, korala eta banda arituko dira besteak beste.
 
Bestalde, maiatzaren 12an Eskolak Plaentxi ikastetxeko haurrentzako ipuin musikatua antolatu du frontoian, 16:15etan, matrikulazio kanpainaren barruan.