Euskaraz Bizi Egunera joateko autobusa antolatu du Soraluzeko Euskalgintzak

plaentxia_com 2010ko api. 28a, 13:34
Etxarri-Aranatzen ospatuko dute domeka honetan. Ikusi egitaraua eta entzun eguneko kantua!
 
 
 
 
 
 
 
 
 
2010eko Euskaraz Bizi Eguna domeka honetan ospatuko da Etxarri-Aranatzen. Egun osoko egitaraua antolatu du Euskal Herrian Euskarazek, elkarteak 30 urte bete dituen urtean. Soraluzeko Euskalgintzak autobusa antolatu du egun honekin bat egiteko. Goizeko 9:30ean irtengo da Estaziño kaletik eta irteeran parte hartu nahi duenak izena eman beharko du Gaztelupe tabernan, Arranon edo e-posta bat idatziz soraluze@euskalherrianeuskaraz.com helbidera. Barixakura arte apuntatu ahalko da autobusean.
 
Ondarroatik Etxarri-Aranatzera 
2004an ospatu zen 1go Hizkuntza Eskubideen Eguna Lesakan. Gero etorri ziren Oiartzun, Santurtzi, Azpeitia, Atarrabia eta Ondarroa. Aurten berriz, Etxarri-Aranatzen txanda iritsi da. Euskaraz Bizi Eguna, jendartea euskaraz bizi ahal izateko euskarari maila guztietan lehentasuna ematea beharrezkoa delako, Euskal Herrian Euskaraz Bizi! Euskal Herri euskalduna eraiki! lema izango du jaiak.
 
30 urte hizkuntza eskubideen defentsan
Euskal Herrian Euskarazek 30 urte bete ditu aurten hizkuntza eskubideen defentsan. Tamalez, sorrera bultzatu zuten arrazoiak bere horretan diraute. Aurrera begira ipinita "oinarri sendoak" ipini nahi ditu elkarteak "herri euskaldunari hauspoa eman eta Euskal Herri euskalduna erdiesteko". Domekan Etxarri-Aranatzen egingo den jaia abagune bikaina izango da euskaldunon indarrak metatu eta dagozkigun eskubideak aldarrikatzeko.  
 
Euskaraz Bizi Egunako egitaraua
10:00 DIANA
10:30 AUZATEA
11:00etatik aurrera AZOKA
11:30 KALE ANIMAZIOA
11:30 HERRI KIROLAK
13:30 EKITALDI NAGUSIA
14:30 HERRI BAZKARIA
16:30 HAURRENTZAKO JOLASAK eta PANTXIKA eta TXINPARTA PAILAZOAK
17:30 ERROMERIA AIKO TALDEAREKIN
19:30 KONTZERTUAK: EGURRE eta beste talde bat, Gaztetxean
 
Entzun Euskaraz Bizi Eguneko abestia
EHEren webgunea