Game Over plaentxiarrek entzulearen saria eskuratu dute II. Musika Modernoko Lehiaketan

plaentxia_com 2010ko api. 26a, 15:28
Lehenengo saria donostiako Danyed taldeak lortu du 400 euroko diru sariarekin batera.
 

 
 
 
 
 
 
Domeka honetan II.Musika Modernoko Lehiaketa jokatu da Bergarako Zabalotegi Aretoan. Gipuzkoako 17 talderen artean Soraluzeko bik hartu dute parte, Game Over eta Pearl Harbour taldeek, eta lehenengoek entzulearen saria eskuratu dute 200 euroko diru sariarekin batera. 
 
14 urterekin oholtza gainean gitarra astintzen
Game Over 14 urteko lau mutiko plaentxiarrek osatzen dute. Aitor Oregi baterian, Ander Gomez eta Iker Amezua gitarra elektriko bana eskuetan eta Eneko Oregi baxuan. Adinez gazteak izanagatik ere, atzoko lehiaketan bi kantu eskaini zituzten eta baita ederki defendatu ere. Lehenengo Red Hot Chilli Peppers talde iparramerikarraren "Californication" abestia jo zuten. Gero, Berri Txarrak nafarren "Oreka" kantua. 
 
Debako musikariek kontzertua eskainiko dute barixakuan Zinean
Udaberriaren etorrerarekin batera Soraluzeko Musika eskolaren agenda ekitaldiz bete da. Joan den apirilaren 23an Debagoienako musikariak berriro batu ziren. Oraingoan bailarako Musika Eskolen topaketa egin zuten Arrasateko Amaia Antzokian Arrasate Musikal-ek antolatuta. Sei musika eskolek hartu zuten parte, Soraluzek, Bergarak, Oñatik, Eskoriatzak, Aretxabaletak eta Arrasatek. 
 
Aurrera begira ipinita, barixakuan Deba Musikaleko ikasleak etorriko dira herrira Zinean kontzertua eskaintzera. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da ekitaldia. Soraluzekoak martxoaren 12an izan ziren Deban eta orain eurak etorriko dira itzulerako kontzertua jotzera, trikitixa, bibolina, txistua, tronpeta, saxofoiak, soinuak, dantzariak, korala eta banda arituko dira besteak beste.
 
Bestalde, maiatzaren 12an Eskolak Plaentxi ikastetxeko haurrentzako ipuin musikatua antolatu du frontoian, 16:15etan.