Aurtengo aurrekontuan iaz baino 1.800.649 euro gutxiago aurreikusi ditu Udalak

Elkarteei ematen zaizkien dirulaguntzak eta urteko ohiko ekintzen gastuak mantentzeko “esfortzu handia” nabarmendu nahi izan du alkateak. Iazko plenoan ez ziren aurrekontuak onartu.

 

 

 

Udal Gobernu Taldeak adierazi du aurtengo aurrekontua iazkoarekin alderatuta, 1.800.649 euro txikiagoa izango dela, 4.389.842 eurokoa. Proposatutako proiektu nagusien artean berriz, futbol zelaia eraberritzea, kiroldegiaren kudeaketa berria eta instalazioen hobekuntza, zinean egokitzapenak, emakume saileko teknikaria kontratatzea, Maisuen Etxebizitzak alokairu sozialera bideratzea, igogailu publikoak egitea, Etxaburueta eta Plaza Zaharra eraberritzea, gaztetxokoarendako lokala egokitzea eta zuntz optikoa herrira ekartzea nabarmendu nahi izan ditu.


Oposizioko alderdien proposamenak
EAJko Iker Aldazabalek Pil-pileani jakinarazi dionez, bere alderdiak zortzi proposamen egin dizkio udal gobernuak aurkeztutako zirriborroari. Erregetxeko lur azpiaren salmenta burutzea aparkalekuak egiteko, kiroldegi gainean Gaztelekua eta taberna bideratzea, zine aretoa egokitzea, komun publikoak berriztea, lur azpiko edukiontziak jartzea Etxaburuetan, ikastetxean estaldura eta ranpa jartzea, zuhaitzak landatzea eta umeendako parkea egitea Gipuzkoa Etorbidean.


Soledad del Bosque, PSE-EEko bozeramailearen esanetan, PSEE-EE-k bost ekarpen hauek egin dizkio aurrekontuari: elkartasun fondoko 6000 euroak Haitira bidaltzea, herriko trafikoa lehengora bueltatzea, Zeleta -San Andres errepidean argiztapena, Itxaropenan igogailua eta Erregetxeko lurretan Udalak kudeatutako parking publikoa. Ahalegindu arren, ez dugu PPko zinegotziarekin berba egiterik lortu.


Eguaztenean bozkatuko da aurrekontua

Datorren eguaztenean egingo den Udalbatzarrean aurkeztuko du Udal Gobernu Taldeak bere behin betiko aurrekontu proposamena. Aurrekontua onartu ah dadin ordea, EAJ, PSE-EE, edo PPko zinegotzi baten aldeko botua beharko luke. Hori dela eta, datozen egunetan Udal Gobernua oposizioko zinegotziekin bilduko da euren ekarpenen inguruko iritzia eman eta adostasuna bilatzeko. Gogoratu behar da, oposizioak atzera bota dituela aurreko bi urteetan Udal Gobernuak aurkeztutako aurrekontuak.