Kanpoko bi igogailu publikoen lanak Goitu Eraikuntzak egingo ditu

plaentxia_com 2010ko ots. 4a, 11:58
312.944, 62 euroko aurrekontua izango dute Estaziño eta Zeletara irisgarritasuna hobetuko duten igogailuen lanek.  
 
 
 
 
 
Atzoko plenoa azkenaldiko motzena izan zen. Arratsaldeko 19:00etan ekin zioten zinegotziek ohiko saioari eta 19:25erako aztergaiak amaituta zituzten. Maria Garmendia PP-ko zinegotzia ez zen saioan izan. 
 
Udalbatzarra urtarrilaren 13ko saioaren akta onartu eta Alkatearen Dekretuen berri emanez hasi zuten. Aldeko hamar boturekin, kanpoko bi igogailu publiko jartzeko lanak Goitu Eraikuntzak S.L.-ri esleipena onartu zuten. Lanen aurrekontua 312.944,62 eurokoa da, B.E.Z. gehitua. Igogailuetako bat Gabolatz kaletik (Gupizcoano paretik) Saciako babes ofizialeko etxeetara iritsiko da. Bigarrena, Estazioñotik hilerri parera. Modu horretan, herritarrei Estaziñora eta Zeleta auzoetara irisgarritasuna hobetzea da helburua.
 
Etxaburueta eta Plaza Zaharra urbanizatzeko lanak berriz, Construcciones Fresneda S.L.-ri esleitzea onartu zuten, aldeko hamar boturekin, 309.159,62 euroko aurrekontuarekin, B.E.Z. gehituta. Bestalde, EUSKALTEL telefono konpainiarekin hitzarmena ere onartu egin zen, falta diren auzoetan, Sagarrerrekan eta Mandiolan instalazioak amaitzeko.
 
Alkatearen 9.000 euroen zuzenketa  
Bukatzeko, eskari eta galderen atalean, EAJ-k alkateari eskatu zion bere garaian komunikabideetan adierazitako 9.000 euroko zifra, ustez, kargu publikoek euren soldatak %10 jaitsiz aurreztuko litzatekeena, zuzentzeko. Alkateak onartu zuen zifra hori ez dela zuzena eta komunikabideetan errektifikatuko duela esan zuen.
 
PSE-EE-k eta EAJ-k Haitira 6.000 euroko diru laguntza bidaltzea proposatu zuten, hango hondamendiaz kaltetutakoak lagundu asmoz. Diru hori nundik aterako duten galdetuta, Gizarte Ongizate sailetik lor daitekeela erantzun zuten.