Atzoko plenoan trafikoaren norantzen desadostasuna agerian

plaentxia_com 2010ko urt. 14a, 12:15
Oposizioak lehengo norantzak berrezartzeko eskatu bazuen ere, Gobernu Taldearen ustez "goizegi da" aldaketen eragina ikusteko.
 
 
 
 
 
Atzoko Ohiko Saioan aurreko bi saioetako aktak onartu eta Alkatetzaren Dekretuen berri eman, onartu eta gero, Gobernu Taldeak kargu publikoen soldaten %10eko jaitsiera proposatu zuen. EAJ-k  "harriduraz" hartu zuen proposamena, bere hitzetan, bere taldeak aurrez proposamen horren azalpenik jaso ez zuelako eta gehitu zuten, iaz, soldaten izozketa eskatzen zuen mozioa aurkeztu eta onartu egin zela eta koherente izanez, postura berdinarekin jarraitzen dutela. 
 
PSE-EE-k ere,  koherentzia aipatu zuen. Urte hau soldaten izozketa aplikatzen den laugarren urtea dela eta dirua aurrezteko beste bide batzuk badaudela, adibidez, "fatxadak garbitzen xahutzen diren 24.000 euroak". Bai EAJ eta PSE-EE bat etorri ziren, %10 eko jaitsiera horrekin, ez direla prentsan argitaratu den 9.000 euroko zifra aurreztera heltzen. PP-ko zinegotzi Maria Garmendiak ere, jaitsiera hori aplikatzeko arrazoirik ez zegoela esan zuen. 
 
Alkateak EAJ-ri erantzun zion, bere garaian soldatak izozteko aurkeztutako proposamena pleno baten bidez jakin zuela: "Ekainean soldatak sei hilabeterako izozteko erabakia hartu eta gero, berriz dakarkigu proposamena". Horrela, Udal Gobernu taldeak bakarrik aplikatuko du %10eko jaitsiera beraien soldatetan, orain urte eta erditik egiten ari diren moduan.
 
EAJ, PSE-EE, PP udal taldeen mozioa,  trafikoaren noranzkoen aldaketari buruzkoa
Aldeko sei botu (EAJ, PSE-EE eta PP) eta aurkako bost boturekin (Udal Gobernu taldea), onartu egin zen mozioa. EAJ-ko Iker Aldazabalek esan zuen sahiesbidea aparkaleku bihurtu izanak "herriko arazo bakar bat ere ez duela konpontzen, ez herri barruko trafikoa arintzea, ez eta aparkalekuena". PSE-EE-ko Soledad del Bosquek hari beretik esan zuen, neurri hori "desastre bat dela" eta "sahiesbidea hipotekatzea ez dela irtenbidea".
 
Alkateak erantzun zuen, norabide aldaketak ez direla "neurri isolatuak eta Etxaburueta eta Plaza Zaharreko lanak amaitutakoan herri erdia oinezko bihurtzeko asmoa bete" egingo dela. Gehitu zuen, "ulertzen duela herritarren desadostasuna" eta prest daudela konponbidea elkarrekin topatzeko, beti ere, oposizioari "jarrera oztopatzailea alde batera uzteko" eskatu zion eta  "oraindik goizegi" dela norabide aldaketen eragina ikusteko, "are gehiago obrak aste batzuk barru hasiko direnean" (Etxaburueta eta Plaza Zaharrean egingo dituzten lanak direla eta). Ez dirudi beraz lehengo norantzak berrezarriko direnik. Nahiz mozioa onartu, arlo honen eskumena alkatearena delako eta berea azken hitza. Hala ere, dei egin zien herritarrei Udalera joan eta euren desadostasunaren arrazoiak azaltzeko.
 
Bukatzeko, Udaleko zinegotzi hautetsiek mozioa aurkeztu zuten Aramaioko Alkatearen kontrako prozedura judizialen gainean. Aldeko bost boturekin (Udal Gobernu taldea), hiru abstentzio (EAJ) eta hiru aurkako boturekin (EE-PP), onartu egin zen.