Frontenis Txapelketa Bergarako bikoteak irabazi zuen

plaentxia_com 2010ko urt. 4a, 12:52
Abenduaren 27 eta 28an 16 urtetik gorakoen Binakako I. Frontenis Txapelketa jokatu zen kiroldegian. Parte hartze handia izan zen, 18 bikote lehiatu ziren txapelketan.
 
Irabazleak Patxi Vallejo eta Aitor, Bergarako bikotea izan ziren, txapela eta garaikurra eskuratuta. Bigarren finalistak, Jokin Martinez eta Gorka Varela izan ziren eta hauek ere garaikurra jaso zuten. Antolatzaileek adierazi dutenez, oso giro polita izan zen txapelketan zehar eta hurrengo urtean errepikatzea espero dute. 
 
PELOTA
Gabonetan Aritz Laskurainek hainbat partidu jokatu ditu. Abenduaren 25ean, Eibarren jokatu zuen eta Titin III-Zubieta aurkari eta Xalarekin bikote, 22-19 galdu zuen. Abenduaren 28an, Tolosan jokatu zuen eta baita garaipena lortu ere. Aritz Lasa bikote zuela, 22-8 irabazi zien Retegi B-Zubietari. Joan den zapatuan berriz, galdu egin zuen Gonzalezekin bikote eta Irujo-Goñiren aurka, 22-15
 
Hurrengo partidua etzi jokatuko du Eibarko Astelena pilotalekuan arratsaldeko 17:00etan. Gaur egingo dute material hautapena aitatutako frontoian. Bikoteak ondorengoak:
Berasaluze VIII-Begino
Gonzalez-Laskurain
 
FUTBOLA
Abenduaren 26an, Sorako Jubenilek 1-3 galdu zuten Urkiren aurka. Gero eta urrunago dituzte sailkapeneko lehen postuak, eurak 11 puntu dituzte; buruan dauden Amaikak Bat-ek 39 puntu dituzte.
  
Bestalde, Kadeteek Lagun Onak-en aurka 7-0 galdu zuten. Kategoria honetan Lagun Onak daude lehenengo, 42 puntu lortuta; Sorako Kadeteek berriz, 14 puntu baino ez dituzte.
 
Azkenik, Erregionalek Urolaren aurka jokatuko dute datorren zapatuan.