Oposizioak atzera bota ditu aurrekontuak

plaentxia_com 2009ko ots. 19a, 14:20
Udal Gobernu Taldeak aurkeztutako 2009ko Udal Aurrekontuak aldeko 5 bozka (ANV 3 eta EA 2) eta aurkako 6 (PP 1, PNV/EAJ 3 eta PSE/EE 2) jaso zituen.
Ondorioz, 2007ko aurrekontua luzatuko da berriz ere.

 

 

 

 

 

{mosimage}Saio Aretoa jendez beteta zela hasi zen Udalabatzarra eta bozketa egin ostean oposizioko alderdiek aurrekontuari ezetza emateko zituzten arrazoiak azaldu zituzten.
{mosimage}EAJ alderdiak ezezko bozka eman zuen bere "emendakinak Udal Gobernu Taldeak kontutan hartu ez dituelako". Iker Aldazabalek bere alderdiak aurkeztutako ekarpenen berri eman zuen. Eurak 2009an egitea proposatzen zituzten egitasmoetako batzuk 2010ean egiteko konpromisoa ez dela nahikoa adierazi zuen. Aipamen berezia egin zien Erregetxeko balizko aparkalekuei, Udalak agindutako "aparkaleku publikoak" egiteko eskatuz. Horrekin batera Udal Gobernuak akordioa lortzeko "borondate falta" izan duela ere salatu zuen beste gauza askoren artean.
PSE-EE alderdiak berriz, akordiorako borondate falta egotzi zion Udal Gobernu Taldeari eta zehaztu ez zituen partida batzuek aldaezinak izatea leporatu zien.
PP alderdiak ezezkoa emateko ondorengoa argudiatu zuen: "ezezkoa eman dugu, preso politikoen senideei luzatzen zaien dirulaguntzagaitik eta baita Herri urrats, Kilometroak eta Nafarroa Oinez egiteko luzatu nahi den dirulaguntzagaitik ere".
EAJ eta PSE, Soraluze Futbol Taldeko ordezkari eta jolariei zuzendu zitzaizkien euren adierazpenak amaitzerakoan. EAJko eta PSEko ordezkariek adierazi zutenez, etorkizunean Udal Gobernu taldeak finantziazioa lortzeko kreditu aldagarria aurkezten badu, alde bozkatuko dute.
Udal gobernuaren iritzia
{mosimage}Udal Gobernuak bere “atsekabea” adierazi zuen oposizioak hartutako jarreraren aurrean eta alderdi interesak herriaren interesen aurretik jarri izana aurpegiratu zieten oposizioko alderdiei.

EAJri bere proposamenak “emendakinak baino ekarpenak” izan direla esan zieten, “emendakinek zer sartu esatearekin batera zer kendu proposatu behar dutelako eta EAJk ez duelako horrelakorik egin”. Horrekin batera, EAJk proposatutako 6 egitasmoetatik 5 onartzeko borondate argia erakustea alper alperrik izan dela salatu zuten EAJk ez zuelako “inongo borondaterik akordio batera iristeko”. "Dena 2009an egitea nahi duzue eta badakizue hori ezinezkoa dela". Gainera, “PSE eta PPrekin batera oposizioko hirukoa osatu eta Udal Gobernuaren aurkako boikot sistematikoa” egitea leporatu zien Roke Akizu zinegotziak.

PSEri berriz, aurrekontuei emendakin bakar bat ez egin izanak, “hasiera hasieratik izan duten borondatearen berri” ematen dutela adierazi zuten. “Borondatea Udal Gobernuaren lana oztopatzea da, inoiz ez duzuelako zilegitzat jo Udal Gobernu hau”. Horrekin batera, alkateak presoen senideei emandako laguntzak Udalbatzarrean hartutako erabaki baten ondorio zirela gogorarazi zien PSEko ordezkariei eta dirulaguntza horiek zituzten aurrekontu bat baino gehiago onartu izan dutela aurretik ere.

PPko ordezkariari berriz soraluzetarren inguruan inolako ardurarik ez izatea egotzi zioten baina bere jarrera argi eta garbi azaldu izana ere eskertu zieten.
Etorkizunean, ilusioz lanean jarraitu eta egitasmoak beste bide batzuetatik aurrera ateratzeko ahalegina egingo dutela adierazi zuen Jose Luis Arizaga “Txipi” alkateak. 
{mosimage}Bestalde, herritarren galdera erantzunen atalean, besteak beste Alberto Berraondok, Soraluze Futbol Taldeko delegatuak hitza eskatu eta bere iritzia eman zuen.

Hasieratik argi utzi nahi izan zuen kluba desagertzeko dagoen arriskua benetakoa dela eta uda aurretik konponbiderik aurkitzen ez bada, uztailean gaur eguneko zuzendaritzak laga egingo duela.

Aurrekontuak onartu eta “Ezoziko futbol zelaia besapean hartuta etxera gustora joateko abstentzio bakarra nahikoa” zela gogorarazi zion oposizioari eta bere ustez “oso inteligentzia politiko gutxirekin” jokatu dutela ere esan zien. Futbol taldeak egindako elkarretaratzean alderdi politikoei egindako eskaera ere gogorarazi zien; “arazoaren mailari dagokion erantzuna emateko eskatu genizuen baina itxuraz batzuek ez duzue idatziaren atal hori irakurri”.

Horrekin batera Udal Gobernuaren ahalegina eskertu eta etorkizunean Udal Gobernuarekin batera lanean jarraituko dutela azpimarratu zuen, “herritarrak zuekin daude”. Datorren irailean EAko zinegotziak futbol zelai berrian ikusi nahi dituela eta alkatea, Txipi, inaugurazioan baloari ematen ikustea gustatuko litzaiokeela aipatu zuen.
Udal Batzarrak bi ordu inguruko iraupena izan zuen eta 21:00ak inguruan amaitu zen, iritzi eta eztabaida ugariren ostean.