Lekber enpresak kiebra jo du

Lekber enpresa izan da orain arte Kiroldegiko obren arduraduna. Krisi ekonomikoa dela eta ezin izan du azpikontratatutako enpresei zorrak ordaindu, bakoitzari 100.000 euro gutxi gora behera, eta porrot egin du.

Hau dela eta amaitzeke zituen hainbat lan, Bergarako B.O.E.ko 30 etxebizitza edo Soraluzeko kiroldegiko zabalkuntza lanak esaterako, bertan behera laga behar izan ditu aipatutako enpresak.

 

 

 

Administrazioa lanen arduraduna

Bitartean, kiroldegiko lanak geldi daude. Foru Aldundia da obra honen arduraduna, zehazki Lurralde Antolamendu Saila. Sei hilabeteko atzerapenarekin hasi ziren honen zabalkuntza lanak egiten eta berez, azaroaren amaierarako amaituta egotea uste zen. Orain arte Kiroldegia inguratzen zituzten andamio eta obrarako materialak kentzea eskatu du Udalak bere aldetik eta eginda dagoen obraren zatia estaltzeko ere. Bestalde, bertan dauden aparkalekuak berriz jarriko dira martxan, eraikitzaile berria topatu arte obra  geldirik egongo da eta.