Atxuri kalea itxiko dute kolektorearen lanengatik

plaentxia_com 2008ko ira. 1a, 17:13
Irailaren 3an eta 4ean ibilgailuentzat Atxuri kalea itxita egongo da, kale bereko parkearen parean, goizeko 8:00etatik iluntzeko 20:00ak bitartean, Udalak jakitzera eman duenez.
Atxuriko kalean dauden hodiak ibaiko kolektorera batuko dituzte, etxeetatik datozen hondakinak bertara bideratzeko. Mendiola industrialdean ere kolektore lanak egiten dihardute ibaian. Lan hauen bitartez herriko urak kolektorera bideratu eta bertatik Elgoibarko Apraiz araztegira helduko dira, bertan tratamendua jaso eta ibaira isurtzeko.
Aurrerantzean beste kale mozketa batzuk izango dira, proiektu guztia bukatu bitartean. Informazioa jaso ahala, emango dugu trafiko aldaketen berri webgune honetan.