Ikasleek euren proposamenak aurkeztu dituzte Eskolako Agenda 21eko udal batzarrean

Atzo aurkeztu zituzten Soraluze BHIko ikasleek ikasturte osoan zehar energiari buruz egin dituzten azterketen emaitzak. Besteak beste, energia berriztagarriak, berotasunean efizientzia eta sentsibilizazio kanpainak eskatu zituzten.

Udalbatzarrean udal ordezkariez gain, Soraluze BHIko ikasleek parte hartu zuten. Eskolako Agenda 21 proiektuan, Soraluzen 125 ikaslek parte hartzen dute eta azken urte honetan energiaren gaia landu dute. 
Atzokoan, proposamen zehatzak eta konpromisoak aurkeztu zituzten herriko energiaren egoera hobetzeko asmoarekin. Aurrez ordea, lan luzea egin dute. Urte guztian zehar, ikasle hauek beraien ikastetxeetako nahiz herriko diagnostikoa egin dute, energiari dagokionean.

 {mosimage}PROPOSAMENAK
Proposamenen artean honako hauek aurkeztu zituzten: energiari buruzko sentsibilizazio kanpainak egitea, eraikin publikoetan eta argiztapenean eguzki plakak jartzeko aukerak aztertzea, eraikin publikoen isolamendua hobetzea, gabonetako argiak ez jartzea, kontsumo baxuko bonbillak erabiltzea, sentsore sistemak jartzea…

Jose Luis Arizaga, Soraluzeko alkateak eta Roke Akizu, Ingurumen zinegotziak, euren aldetik, ikasleek aurkeztutako proposamen hauei erantzuna eman zieten. Orokorrean, bat egin zuten ikasleek aurkeztutako proposamenekin eta aintzat izango dituztela azpimarratu zuten. Gainera, proposamen batzuk jadanik martxan daudela azaldu dute, besteak beste, Udalak kaleko argiztapen publikoari buruzko azterketa bat egina du eta neurriak aplikatzen dira eta energia berriztagarrien inguruan eraikitzen diharduten etxe berrietan kontuan hartu beharreko derrigorrezko kontua da.

IAZKOAREN JARRAIPENA

Honez gain, iazko plenoan uraren inguruan egindako proposamenen jarraipena egin dute, gaur egun nola dauden aztertzeko asmoz. Udalak iaz hartutako konpromisoak bete ote dituen ikustea izan da jarraipen honen helburua. Iazko proposamen asko iada martxan daude, nahiz eta gutxi batzuk oraindik egiteko dauden, ibaia garbi ikustearena, adibidez.

DEBEGESAKO GARAPEN IRAUNKORREKO ATALAREN BARNE 

Hurrengo urtera begira, ikastetxe honek proiektuan lanean jarraituko du, berriz ere energiaren gaiaren inguruan sakonduz. Epe laburrean, www.debegesa.com webguneko Garapen Iraunkorreko atalean zintzilikatuko dira gaur egindako proposamen eta erantzunak eta baita webgune honetako Ibaiarte bloggean ere. Bertan, iradokizunak eta aipamenak egiteko aukera izango dute herritarrek.