Udal aurrekontua ez da onartu

Oposizioaren ezezkoak Udal-Gobernu Taldearen aurrekontu proposamena bertan behera utzi du. Legeak dioenaren arabera, 2007ko aurrekontuak luzapena izango du.

Oposizioak kontrako botoa

Gobernu taldea osatzen duten EAE-ANV(3) eta EA (2) alderdiek baiezkoa eman zuten eta EAJ-PNV (3), PSE-EE (2) eta PP (1) alderdietako zinegotziek ezezkoa bozkatu zuten. Hamaikatik bost baietz, sei ezetz. Aurrekontuak ez du aurrera egin eta 2007ko aurrekontuaren berdina izango da 2008koa.

Luzapenaren nondik norakoa

Aurrekontua adosten ez denean legearen aurrekontu bat ematen dio Udalari, pasa den urtekoa, alegia. Egindako aldaketak (gehikuntzak eta beherakuntzak) barne sartzen dira eta gastuetan erabat bukatu diren programa zehatzak kanpoan utzi. Ondorioz, Soraluzeko Udalak honako aurrekontua izango du 2008. urterako: 4.957.993,90 €

Kopuru aldetik alde nabarmenik egon ez arren, batzordeei zuzendutako diru-kopurua joan zen urtekoa izango da eta muga suposatuko du egitasmo berriak aurrera ateratzeko orduan. Aurrekontuei aldaketak egiteko Udalbatzak onartu beharko ditu.

EAJk borondate eza salatu du

EAJren ezezkoaren azalpena Iker Aldazabal zinegotziak eman zuen, batzordez batzorde eta arrazoi orokorrak azalduz. Salatu egin nahi izan zuen Udal Gobernuak EAJrekin ez zuela agertu akordiora heltzeko asmorik. “Joku demokratikoan harremanak edukitzea normalena” dela eta aurrekontuak onartzeko erantzunkizuna Udal Gobernuarena dela gaineratu zuen Ikerrek. “Gobernatzeko kulturarik ez dago eta horren emaitza da egoera hau”, adierazi zuen Aldazabalek.

 

PSE-EE eta PPren ezezkoa, presoen senideei emandako laguntzagatik

PSE-EEk aurkeztu zituen emendakinak edo zuzenketak onartu egin zitzaizkiola adierazi zuen Soledad del Bosquek. Bere alderdiak puntu bat ezin zuela onartu jakinarazi zuen Solek: presoen senideei ematen zaien laguntza. PPk argudio bera erabili zuen ezezko botoaren azalpena emateko.

 

Udal-Gobernuaren erantzuna

Jose Luis Arizaga EAE-ANVko alkateak boto azalpenei erantzuna eman zien. “Historian lehenengo aldia da aurrekontuak onartu ez eta aurrekoak luzatzen direla, EAJ-PNV oposizioan dagoen lehenengo urtean”, esan zuen, Ezker Abertzaleak aurrekontuak inoiz ez dituela baldintzatu gaineratuz. Eskerrak eman zizkien teknikoei eta langileei aurrekontuen prestaketan laguntzearren; baita PSE-EEri ere emendakinak aurkeztearren, nahiz eta “beste kontu batzuengatik hau gertatu izanaz penatuta” azaldu. Autokritikarako tartea hartu zuen, esperientzia faltagatik herritarrekin aurrekontua prestatzerako orduan hankamotz geratu direla aitortuz. EAJri atzera begira ibiltzea leporatu zion eta gaineratu zuen ez zuela emendakinik aurkeztu PSE-EEk egindako moduan, bere alderdiaren programa baizik.