ONDO ETORRI PLAENTXIA.COM-ERA!!

plaentxia_com 2007ko mai. 11a, 19:45

Pil-Pilean Kultur Elkarteak sortutako ekimena da Plaentxia.com atari digitala. Soraluzeko orainkaria izatea da proiektu honen helburu nagusia, herrian gertatzen dena momentuan kontatzeko ataria. Herritarrek uneoro eta edozein lekutatik Soraluzeko informazioa eskuratu eta iritzia emateko gunea.(Gehiago ikusteko, klikatu izenburuan)

Plaentxia.com orainkarian informazioa eman eta jaso egingo dugu. Egunean eguneko informazioa gehituko da webgunera eta ordenagailutik mugitu gabe jaso ahal izango duzu.

Soraluzetarren topaleku izango da, elkarren berri eman eta herriko kontuez eztabaidatzeko; betiere euskaraz, euskara izango baita proiektu honetako komunikazio-hizkuntza. Teknologia berrietan euskarak duen presentzia indartzea bada helburuetako bat.

Hasteko, hiru atal

Notiziak: Egunean pare bat albiste berri sartuko ditugu. Asteburuetan, normalean ez, baina okasioak eskatzen duenean ez diogu lanari atzea emango. Herritarra informazioaren hartzaile ez ezik, informazio igorle eta iritzi sortzaile denez, herriko eragile ezberdinak (kultur taldeak, kirol taldeak…) izango dira informazioaz atari hau elikatuko dutenak. Adibidez, pilota txapelketako jarraipen eguneratua egingo da, hauteskundeetako zerrenda, hautagai eta elkarrizketak jasoko dira…

Agenda: Soraluzeko agenda izatea nahi da. Orri nagusian, egun horretako ekitaldi guztiak agertuko dira. Bestalde, egunez egun nahiz ekitaldi motaren arabera bilaketak egin ahalko dira. Gainera, formulario erraz baten bitartez, agenda irakurleek beraiek osatzeko aukera izango dute.

Bilaketak: plaentxia.com gure herrian orain arte gertatu denaren eta gertatuko denaren artxiboa izatea nahi dugu. Bilatu atal denetan atalean, segundo gutxitan, bilatzailean sartu dugun berbari erreferentzia egiten dioten artikulu edo aipamen guztiak agertuko dira. Webguneko albisteetan, hauen komentarioetan eta agendan topatuko ditu erreferentziok.

Parte hartzea

Erabiltzaileak parte hartze zuzena izango du proiektu honetan. Albisteak osatu eta hauen gaineko iritziak emateko aukera izango du. Gainera, agendako ekitaldiak norberak sartzeko modua ere jarri dugu. Nahi izanez gero, albisteen titulu eta azpitituluak norberaren helbide elektronikoan jasotzeko aukera izango da e-posta harpidetza bidez erregistratuta. Printzipioz, albisteen gainean izan daitezkeen komentarioak, iritziak eta informazio osagarriak moderatu gabe igaroko dira. Espero dugu irakurleek zentzuarekin erabiliko dutela aukera hau, errespetuzko iritzi trukea eta benetako adierazpen askatasuna posible izan dadin.