Ezker Abertzaleak eztabaida prozesuari ekin dio “estrategia egokitzeko asmotan”. Azaroan eta abenduan “entzute fasea” egin zuten. Soraluzen 126 lagunekin egin zuten ariketa hori, azken urteetako ibilbidearen balantzea eginez. Orain, eztabaidarako txostena osatuta, hurrengo urteetarako estrategiari buruzko eztabaidari ekingo diote.
Hiru asanblada egingo dituzte Soraluzen, ezker abertzaleak jakinarazi duenez, eta bere burua ezker abertzalekotzat jotzen duen edozein herritarrek parte hartu ahal izango du, eztabaidako dokumentuak, metodologiak zein bozketen emaitzak “gardenak” izango baitira.
Lehen asanblada domekan, garrantzitsuena
Lehen asanblada otsailaren 28an izango da, 10:00etan antzokian. Bertan bozkatuko dute “txostenaren baliagarritasuna, definizio estrategikoaren egokitasuna, txostenaren baliagarritasun politikoa eta, tesi nagusiarekiko atxikimendua”. Gehiengoaren babesa lortzen badu, atalen gaineko ekarpenak egin ahal izango dituzte bigarren asanbladarako.
Tesi nagusia honakoa izango da: “Eskaintza independentista bersortzeko beharra dugu. horretarako, prozesu independentista eraldatzailea deitu dugun estrategia aurkezten dugu. Euskal sozialismorako trantsizio prozesu bat. Prozesu honen lanabes nagusia euskal bidea izango da.”
Soraluzeko ezker abertzaleak “lehen asanbladak duen garrantzia” adierazi die parte hartzeko asmoa duten herritar guztiei, “erabaki nagusia” bertan hartuko baita bozketaren bidez. Erabaki gune bakarra asanbladak izango direla eta parte hartzaile bakoitzak bozka bat izango duela ere jakinarazi dute, eta presoek eta iheslariek bozka delegatua eman ahalko dutela.
Bigarren asanblada martxoan
Bigarren asanblada martxoaren 19an 10:00etan antzokian egingo da. Bertan txostenaren atalak eta emendakinak eztabaidatuko dituzte. Emendakinek botoen gehiengoa lortu beharko dute hurrengo fasera pasatzeko. Eztabaidatuko den gai nagusia, etorkizuneko estrategiaren garapena. Batzar hauetan, ekarpenak eta tesi alternatiboak jasoko dira, 5 atalen gainean:
- Proiektu politikoa;
- Eskaintza independentista;
- Taktikaren garapena;
- Gatazkaren konponbidea; eta
- Antolaketa
Hirugarren asanblada apirilean
Hirugarren eta azken asanblada apirilaren 16an 10:00etan antzokian egingo dute. Bertan Euskal Herri guztian herrien %5aren babesa lortu duten emendakin guztien bozketa erabakitzailea egingo dute. Ondoren behin betiko txostena osatuko dute.
“Eskaintza independentista bersortu, mugimendu independentista zabala osatzeko”
Txostenean, “entzute faseko” ekarpenen gehiengoa kontuan hartuz, norabide edo tesi nagusi bat defendatzen da: “estrategia independentista bersortzearen beharra. Nola eta zertarako? mugimendu independentista herritar zabal, anitz, sendo eta eraginkor bat sortzea da erronka, hegemonia independentista eraikitzeko gai izango den mugimendua, alderdien interesen gainetik kokatuko dena”.
Txostenean, ezker abertzaleak independentzia eta Estatua, “Euskal Sozialismoa eraikitzeko tresna” gisa kokatzen ditu, Estatuak gizarte eraldaketan sakontzeko “aukera eta bidea” eskaintzen dituela sinetsita.
Txostena zein eranskinak www.ezkerabertzalea.info atarian zintzilikatu dituzte eta edonoren eskura daude.