Logroñoko espetxeraino eraman dute presoak etxeratzearen aldeko aldarria

Erredakzioa 2016ko ots. 20a, 15:19

Debabarrenetik 4 autobus eta herritik hogeitamar bat lagun joan dira gaur Logroñoko espetxera.Euskal presoak dauden Espainiako eta Portugalgo espetxe guztietara egin dituzte martxak Euskal Herria abian, presoak etxera lelopean.

Gaur goizean Espainia, Frantzia eta Portugalgo hainbat espetxetara joan dira 3.500 euskal herritar inguru. Soraluzetik hogeitamar bat lagun -Debabarrenetik 4 autobus- joan dira Logroñoko espetxera, besteak beste, bertan dago Arnaldo Otegi preso elgoibartarra.

Abian eztabaida prozesua 

Ezker Abertzalea egiten ari den Abian eztabaida prozesuaren barruan antolatu dute gaurko protesta.  Unai Larreategi soraluzetarrak eta Jone Salinas eibartarrak egin dute irakurketa politikoa Logroñoko espetxearen aurrean: "Euskal Herrian ireki dugun aro politiko berri honetan, euskal preso politikoen ekarpena ezinbestekoa da gatazkaren zikloari amaiera eman eta haren ondorioei irtenbide justu eta demokratikoa eman ahal izateko. Horrexegatik, nahi dugu Abian prozesuan parte izan daitezen, haien ekarpena funtsezkoa delako". Espetxeetara joanaz, presoen sakabanaketa politika amaitzeko "asmo sendoa" ere adierazi nahi izan dute, eta gaixo diren presoak berehala etxera ditzaten ere eskatu dute.

Kalejira eta presoen oihuak leihoetatik

Gotzon Elizburuk kontatu digunez, adarrarekin eta txalapartarekin hasi dute goizeko ekitaldia, eta ostean Jon Kirru Iparragirrek - Keike eta Xarma musika taldeetako kide ohia eta Ibon Iparragirre presoaren anaia- Deabruak Teilatuetan taldearen Zuentzat eta Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak kantak jo ditu. Irakurketa politikoa egin dute gero, eta, ondoren, trikitilariekin kalejira txikian hurreratu dira patio eta zelden ingurura "euskal presoak etxera" oihukatuz eta kantuan (presoek hobeto entzuteko). Une horretan, hainbat presok patio eta zeldetako leihoetatik egin dituzten oihuak entzun dira. Azkenik, hamaiketakoa egin eta etxerako bidea hartu dute. 

Erlazionatuak

Kantuan Logroñoko espetxearen aurrean

Erredakzioa 2016 ots 20

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.