"Tortura stop" lemapean ordu erdiko elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Plaza Berrian. Elkarretaratzea Soraluzeko Sortuk deituta egin da, "orain arte gertatutako tortura kasuak ikertu eta etorkizunean besterik gerta ez dadin neurriak har daitezela aldarrikatzeko".
Soraluzetarren kasuak Jaurlaritzan
Eusko Jaurlaritzak 1960tik 2013ra bitartean gertatutako tortura kasuak aztertzeko martxan jarritako egitasmoaren harira, herritar talde batek jasotako 37 soraluzetarren kasuak aztertzen dihardu Jaurlaritzak. Pako Etxeberria forentseak zuzentzen duen taldeak adierazi du hilabete batzuk barru egingo dituela publiko dokumentatu diren kasu guztiak, eta ziurtatu du "milaka" izango direla.
Torturaren aurkako eguna Euskal Herrian
1981eko otsailaren 13an tortura zantzu argiekin azaldu zen hilik Joxe Arregi asteasuarra. Bederatzi egunean Espainiako Polizia Nazionalaren eskuetan izan eta gero, Carabancheleko ospitalera eraman zuten eta bertan hil zen. Joxe Arregiri gertatutakoa gogorarazteko, torturaren aurkako hainbat gizarte-eragilek Euskal Herrian Torturaren aurkako eguna izendatu zuten otsailaren 13a.
Berria egunkariak gaur bertan argitara eman duen elkarrizketan, Juan Kruz Unzurrunzagak lehen aldiz kontatu du berak eta beste bi lagunek zabaldu zutela hilkutxa hilobiratu zuten egunean bertan, gauez, eta argazkiak atera zizkiotela Arregiren gorpuari, "bronkoneumoniak" eragindako heriotza naturalez hil zela zioen bertsio ofiziala gezurtatzeko. "Argazki haiei esker, munduak jakin zuen Joxe Arregi torturagatik hil zela".