Joan zen asteko lapurretaren ustezko egileak identifikatu dituzte

Egoitz Unamuno 2016ko ots. 10a, 13:29

Joan zen astean lapurretan egin zuten Gipuzkoa Etorbideko 24. atarian eta udaltzaingoak jakinarazi digunez, oraingoan, ustezko egileak identifikatzea lortu dute.

Joan zen astean, iluntze aldera, lapurretan egin zuten Gipuzkoa Etorbideko 24. atariko etxebizitza batean. Ohikoa den moduan, memento horretan hutsik eta zerrailari bi buelta eman gabe zegoen pisu bat aukeratu zuten sartzeko. Bitxiak, erlojuak eta antzeko objektuak ohostu zituzten.

Ostera, oraingoan, herritar batek ustez lapurrena zen ibilgailuaren matrikula jaso zuen eta berorren berri eman zion udaltzaingoari. Ertzaintzak matrikularen bitartez lortu du ibilgailuaren jabeak identifikatzea. Udaltzaingoak jakinarazi digunez, lehenago ere beste herri batzuetan lapurretak egin izan dituen pertsona-taldea dela jakin dute, ustez deseginda zegoena. Orain identifikatutako pertsonen aurka egindako akusazioa frogatzeko lanetan dihardu Ertzaintzak.