Bederatzirehun orrialdetik gorako liburukote mardula da Jokin Urain mendaroarrak Astero argitaletxearen eskariz osatu duen “Ametsen liburua”. Egilearen esanetan “amets handien atzean dauden amets txikiak” jaso nahi izan dituzte bertan. Preso, iheslari eta deportatutako pertsonen alde humanoa erakutsi eta “besteak bezalako pertsonak” direla erakusten laguntzeko lana da.
Jokinen esanetan “ametsak oso gauza intimoa dira eta bakoitzak bere modura isladatu ditu liburuan. Batzuk marrazkiak egin dituzte, beste batzuek idatzi egin dute: poemak, gutunak…”. Bere ustez halako lanak baliagarri dira “gertatutakoaren memoria osatu eta transmisioa ziurtatzeko”.
Laurehunetik gora lagunen testigantzen artean, urte luzez preso egondako Joxean Arluziaga eta Koldo Kareaga soraluzetarrenak ere jasota daude liburuan. Biek aitortu zuten kosta zitzaiela euren ekarpena egitea baina azkenean “ausartu” eta “bakoitzak bere gogoan zituen kontuak” idatzi zituen folio baten.