Lau autok kalte arinak jasan dituzte errepidera jausi diren harriek eraginda

Erredakzioa 2016ko urt. 25a, 21:07
Ertzaintzaren patruila harriak jausi diren lekuan.

Auto batzuek kalte arinak izan dituzte iluntzean, harri batzuk GI 627 errepide nagusira jausi eta gero. Udaltzaingoak eta Ertzantzak trafikoa moteldu dute mendi magaletik jausi diren harriak kendu bitartean. 

Eibar aldetik herrira sartzeko bihurgunea baino metro batzuk aurrerago harriak jausi dira errepidera eta Ertzantzak Plaentxia.eus-i jakinarazi dionez, lau autok kalte arinak jasan dituzte. Haietako bati gurpila lehertu zaio.

Gidariek abisua pasatu ostean, herriko udaltzaingoa eta Ertzantzaren patruila bi hurreratu dira ingurura. Trafikoa moteldu dute errepidean ziren harriak kendu bitartean eta harriak "oso neurri txikikoak" ziren arren, errepidean autoek eramaten duten abiadura handia dela eta, arrisku handia sortu dutela jakinarazi digu udaltzainak.