Erakusketa honek zer jasotzen du?
Jon Errazu.- Obra abstraktuen seriea da: lientzoa, lan grafikoak, kolaxak... Dozena bat margolan handi dira eta kolaxak. Etorkizunean beste hiru-lau koadro egiteko asmoa dut seriea amaitzeko.
Alberto Raminez.- Nik hamabost bat margolan ekarri ditut. Nerea gehiago da klasizismo abstraktua. Nik gehiago edan dut 40 eta 50. hamarkadetako abangoardiako artisten lanetatik. Jonek gehiago barneratu du Bartzelonako abangoardia.
Zer jende hurreratzen da erakusketara?
A.R.- Sentsibilitatea duen jendea, arteari konektatuta bizi dena, martzianoak. Erakusketa gela herriaren erdigunetik aparte xamar dago eta ahalegintxo bat egin behar da hona etortzeko.
Zein izaten da jendearen galderarik ohikoena?
A.R.- Pintura absatraktuaren kasuan galderarik ohikoena da gure margolanen zentzuagatik galdetzea. Galdera horrek ez dauka erantzunik. Artea estimulazioa da eta galdetu barik bakoitzari sujerituko dion hori da emaitza. Lanak berak bakarrik hitz egiten du. Nik musikarekin konparatzen dut askotan.
J.E.- Egia da esaterako kolore ilunagoek nostalgia moduko sentimenduak sortzen dituztela...
A.R.- Gureak ez dira kolore ilunak eta ez dute sentimendu negatiborik sortzen. Poztasun hutsa dira, koloretsuak, positibitatea… Gureak koadro atseginak dira.
J.E.- Zuk beharbada nik baino kolore biziagoak erabiltzen dituzu baina gure arteko ezberdintasun nagusia geometriaren erabilera da nere ustez. Albertoren lanetan geometriak pisu handia dauka.
Zenbat denbora eskaintzen diozue koadro bat egiteari?
J.E.- Margolana denbora laburrean egin liteke, bi-hiru ordutan baina margotzen hasi aurretik lan handia dago. Beste artisten lanak ezagutu, irakurri, dokumentatu… Nik proiektuka lan egiten dut eta proiektu bakoitzerako egiten dut lan hori.
A.R.- Nire kasuan, lau urtean 90-100 lan egin ditut. Guztira 1.200 bat lan izango ditut eginak dagoeneko. Hori izango da nik mundu honi lagako diodan ondarea (kar kar kar).
Zein prezio dute zuen margolanek?
A.R.- Nire lanek 650-750 euro artean balio dute baina baditut 12 euroko salneurria duten serigrafiak ere. Gureak koste prezioan daude, galeriak ezartzen dien %30 edo 40ko gainkosturik barik.
J.E.- Nireak 500-700 euro bitartean saltzen ditut baina baditut 58 euroan saltzen ditudan kolaxak ere.
Zenbaterainoko garrantzia ematen diozue saltzeari?
A.R.- Pasioz lan egiten duenak, saltzerik espero ez duenak, ez dio merkatuari kasurik egiten eta nahi duena egiten du. Nik badut nire aparteko ogibidea eta nahi dudana margotzen dut. Niri satifakzio handia ematen dit denbora horretan emateak. Baita gainerako autoreekin inpresioak trukatzeak. Orain dela gutxi maila izugarria duten bi arte kritikarirekin – Edorta Kortadi eta Maria Angeles Arazasti- nire lanaz hitz egiteko aukera izan dut eta gozamen bat izan da. Oso kritika onak egin dizkidate gainera. Hori da gehien betetzen nauena.