Iker Aldazabal da alkate berria

IMG 6710 

Iker Aldazabal EAJren alkategaiak aldeko 6 bozka jaso ditu eta Unai Larreategi EH Bildukoak 5. Aldazabalek "eskua luzatu dio" EH Bilduri datorren legegintzaldian elkarlana bideratzeko. Unai Larreategi EHBilduko hautagaiak bere "mina" adierazi du eta "herritarren gehiengoaren borondatearen gainetik" alkatetza bereganatu izana egotzi dio EAJri.   

Batzarra normaltasunez egin da. Hasteko hamaika hautagaiek karguak sinatu dituzte eta ostean, idazkariak agindu bezala, ixilpeko bozketa egin dute Jabier Garmendia mahaiburu zela. Aurreikusi bezala, Iker Aldazabalek lortu du babesik handiena, sei bozkarekin. Ostean, Patricia Borinaga PSE-EEko zinegotziak hartu du hitza, eta eurak "emandako hitza" bete dutela adierazi du. Honen atzetik EH Bilduko Unai Larreategik berba egin du; "minduta" dagoela eta EAJk hartu duen erabakia kritikatu du herritarren gehiengoaren eta zenbait alderdikideren borondatearen gainetik jokatu dutela aurpegiratuz. EAJri erronka bota dio etorkizunean herrian "bigarren buelta" bat antolatu eta "herritarren benetako borondatea" zein den ezagutzeko. Iker Aldazabalek bere aldetik esan du "kontziente" dela hartutako erabakiak EH Bildurengan eragin duen ezinegonaz eta egoerari "buelta eman" eta elkarlana bideratzen ahaleginduko dela adierazi du. Gaineratu du, elkarlanerako "eskua luzatua" izango duela, alderdi bien "helburu amankomuna" Soraluzeren alde lan egitea dela gogoan hartuta.    

Batzarra amaitu ostean, alderdi ezberdinetako hautagaiek eta herritarrek elkarrekin hizketan jardun dute, gehienak patxadatsu. Hala ere, une batez herritar batzuen artean tentsioak gora egin du eta irainen bat ere izan da. 

IMG 6701 IMG 6714IMG 6702IMG 6719

IMG 6722

IMG 6723

IMG 6729

IMG 6731

IMG 6735

IMG 6739

(Aurreko egunetako berriak) 

Euskadi Irratiak ziurtatu du oraindik ofizialki jakinarazi barik zegoen erabakiaren berri: Soraluzeko EAJ-k alkategaia aurkeztuko du. EAJ eta PSE-EEren akordioaren arabera PSE-EE-ko bi zinegotziek Iker Aldazabalen hautagaitza babestuko luke. Hala ere, Andoainen EAJren zinegotzi independietearen bozka zuriak EH Bilduren alkatetza ahalbideratu izanak zalantzak piztu ditu. Ordubete barru hasiko da batzarra.

 (Atzoko informazioa) EAJk adierazi digu biharko batzarrean emango dutela hartutako erabakiaren berri. EAJk eta PSE-EEk Aldundi eta udaletarako lortutako akordioaren arabera, udal bakoitzean bi alderdietako zerrendarik bozkatuena babestuko du beste alderdiak. Beraz, Soraluzen EAJ-k bere hautagaia, Iker Aldazabal, aurkeztea erabakitzen badu, PSE-EE-k hautagaitza babestuko du eta bera izango da alkatea.  Plaentxia.eus-ek jarraipen zuzena egingo dio biharko udalbatzarrari.

EAJ-ren eta PSE-EE-ren akordioan udalei dagokien atala:

3.-UDALAK
3.1. Zerrendarik bozkatuena PSE-EE-rena edo EAJ-PNV-rena denean, beste
Alderdiko zinegotziek ahalbidetuko dute talde horrek proposatutako hautagaia Alkate
aukeratua izatea. Horretarako, gutxien bozkatua den alderdiak ez du hautagaia
aurkeztuko, eta boto zuria edo aldeko botoa emango du, egoeraren arabera.
3.2. Zerrendarik bozkatuena beste alderdi edo hauteskunde koalizioarena denean,
EAJ-PNV-ko eta PSE-EE-ko zinegotziek alderdi bion artean zerrenda bozkatuenaren
aldeko botoa emango dute, zerrenda honek hala eskatzen duen guztietan.
3.3. Alderdi bion arteko elkarrekiko konpromisoa, alkatetza bere eskuetan izango
duenak besteari gobernu ardurak edo legegintzaldirako akordioa eskain diezaion,
eskaintza jasoko duen alderdiaren borondatearen arabera.

 

Albistea Berrian: ttp://www.berria.eus/albisteak/111953/eajk_eta_psek_akordioa_lortu_dute_batzar_nagusi_eta_udal_guztietarako.htm