Txabola irekiera eta argi piztea barixakuan, abenduaren 5ean

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2025eko abenduaren 4a

plaentxia.eus
Barixakuan, abenduaren 5ean zabalduko da Plaza Barriko txabola, eta bertan hartuko dute ostatu Mari Domingik eta Olentzerok gabon garaian; argiak ere orduantxe piztuko dituzte.

2007az geroztik, urtez urte, gabon garaia hurbildu ahala, Mari Domingi eta Olentzeroren txabola montatzen dute Plaza Barrixan Pil-Pilean euskaltzaleen elkarteak, Kukumixok eta Udalak, elkarlanean. Auzolana oinarri eta ilusio handiz montatu ere. 

Urtero mimoz egiten den lana da, eta gai baten inguruan apaintzen dituzte txabolaren inguruak. Iaz, herri kirolak izan hautatutako gaia; aurtengoa berriz, abenduaren 5ean, txabolaren irekierarekin batera jakingo da. Hainbat ekintza biltzen dituen ekitaldia programatu dute antolatzaileek, herriko ume, hazte zein helduen gozagarri.

Irekiera eta argi piztea

Ekitaldia arratsaldeko 18:00etan abiatuko da Mari Domingi eta Olentzero: Amalurraren opariak ipuinaren kontaketarekin, 2013an Pil-Pilean eta Kukumixok sortutako ipuina, hain zuzen ere. Jarraian, Galtzagorriak agertuko dira Plaza Barrira musikariek lagunduta eta herriko bertsolari gazteek eta Musika Eskolako Triki Folk taldeak ere hartuko dute parte. Gainera, Bizikalerekin eta apaizetxearekin batera koordinatuta piztuko dira herriko argi guztiak ekitaldian zehar. Amaitzeko, txokolate-jana izango da hurbiltzen den guztiarentzat kontzejupean.

Eguraldi txarra balego, ekitaldiaren atal batzuk Plaza Zaharreko karpara mugituko lirateke.

Gabonetako lan taldeak soraluzetar guztiak animatu nahi ditu ekitaldi berezi honetan parte hartzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.