Gaztelerazko irakurle taldea jarri du martxan Soraluzeko Udal Liburutegiak; urtarrilean egingo da lehen saioa

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2025eko abenduaren 2a

otamotz.eus
Soraluzeko Udal Liburutegiak gaztelerazko irakurle taldea antolatu du 2026tik aurrera; Mónica Leiva arduratuko da dinamizatzeaz eta bi hilean behin elkartuko dira kideak.

Soraluzeko Udal Liburutegiak 2024-2025 ikasturte amaieran erabiltzaileei pasatako gogobetetze inkestek adierazi zuten gaztelerazko irakurle taldean parte hartuko luketeela hainbatek. Hori aintzat hartuta, gaztelerazko irakurle taldea antolatu du liburutegiak 2026rako eta, urtarriletik maiatzera bitarte, hiru saio programatu ditu.

Irakurle taldeen helburua, euskarazkoa zein gaztelerazkoa, irakurgai baten inguruan solasean aritzeko tartea hartzea da, hark lantzen dituen gaiak aztertu, hausnartu eta ikuspuntuak partekatzeko. Finean, irakurketa bezalako jarduera indibidual bat kolektibo bilakatu eta aberastean datza.

Baina ez hori bakarrik, irakurle taldeak topaleku sozialak ere badira. Profil ezberdinetako jendea elkartzen da taldeetan, ideia eta ikuspegi berriak ezagutzeko aukera ematen du; nork bere iritziak eman eta besteenak entzun eta errespetatu.

Mónica Leiva gidari

Mónica Leiva katalan jatorriko kazetaria arduratuko da taldearen gidaritzaz. Leivak irakurle talde ugari dinamizatzen du Euskal Herriko hainbat liburutegitan: irakurketa errazeko taldeak, zurrumurruen kontrakoak, emakumeen laborategiak...

Funtzionamendua eta izen-ematea

Irakurle taldean izena ematen duten pertsonak bi hilean behin elkartuko dira, urtarriletik maiatzera bitarte, aldiko liburu ezberdin bat lantzeko; liburuak udal liburutegian bertan eskuratu ahal izango dira. Izena emateko baldintza bakarra, liburutegiko kide izatea izango da; doakoa da eta momentuan bertan egin daiteke.

Izena eman edo informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, udal liburutegiarekin harremanetan jarri behar da.

  • Aurrez aurre, udal liburutegian, astelehentik barixakura 11:00 - 13:00 eta 16:30 - 19:30 (barixaku arratsaldetan 16:00).
  • Telefonoz edo whatsappez, 943752074 telefonoan.
  • Mezu bat idatzita liburutegia@soraluze.eus helbidera.

Programazioa

Oraingoz, 2026ko urtarriletik maiatzera bitarteko hiru saio antolatu ditu liburutegiak, proba gisa, taldea osatzen doan bitartean, baina, datorren ikasturtean ere jarraitzea da asmoa.

Hauxek dira ikasturte honetarako aukeratutako irakurgaiak:

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.