Soraluzeko merkatarien elkarteak, Bizikalek, Lokal Friday herriko merkatarien azoka antolatu du gaurko, barixakua, azaroak 28; mundu mailan indar handia hartu duen Black Friday egunari herritik erantzutea da ekimenaren asmoa. Baita merkataritza bultzatu eta herritarrei gabon-sasoirako erosketak egiteko aukera ematea ere.
Egunean zehar herriko merkatariek azoka egingo dute, haien postuak Plaza Zaharreko karpan ipinita gozieko 10:00etatik arratsaldeko 20:00etara, eguerdian ere etenik gabe eta musikaz girotuta. Moda, dekorazioa, estetika, jostailuak, opariak, elikadura produktuak zein bestelako salgaiak izango dira eskuragai eta denda hauek hartuko dute parte:
- Triskel belar-denda
- Rkl ile-apaindegia
- Kooperatiba
- Belarrak belar-denda
- Likai estetika zentroa
- Iratxo goxo-denda
- Criado fruta-denda
- Autoservicio Amparo
- Comercial Vila
Azokarekin batera egingo da 100€ko lau bonuen zozketa ere; azaroaren 14tik 27ra bitarte herriko saltokietan erosketak egiteagatik banatu dituzte txartelak.
