Soraluzen azken urteotan abian jarri diren prozesu estrategiko nagusiek, Hezkuntza Foroak eta Euskara Planak, besteak beste, herritar berriei begirako harrera plan integral bat egiteko beharra lehentasunen artean kokatu zuten.
Hori horrela izanik, Soraluzeko Udalak herrira etorri berriei harrera integrala egiteko protokoloa berrituko du, ikuspegi komunitario eta inklusibotik. Prozesuaren helburua da egungo egoera aztertzea, orain arteko lanak berrikustea eta harrera integrala izan dadin eman beharreko pausoak identifikatzea, aurrera begirako ekintza edo lan-ildoak proposatzeko.
Emun aholkularitza taldeak gidatuko du prozesua eta bidelagun izango du EHU unibertsitate publikoa ere; gainera, harrera plana bera fintzen parte hartuko dute Soraluzeko hainbat organismo, erakunde, eragile eta elkarte.
Hiru fase, azarotik ekainera
Prozesua azaroan hasi eta datorren urteko ekainean amaituko da; bide horretan, udala herriko eragile, elkarte eta erakundeekin harremanetan jarriko da. Lehen urratsa diagnostiko kualitatiboa egitea izango da eta hiru fasetan garatuko da:
- Lehen fasea: udal langile, azpikontratatutako langile, osasun zentro, eskola, instituto eta helduentzako eskolarekin bilduko dira prozesuaren gidariak.
- Bigarren fasea: herriko eragile, elkarte eta harrera egiten diten erreferenteekin izango da hurrengo hitzordua.
- Hirugarren fasea: herrira etorri eta harrera bizi izan duten pertsonekin zein iritsi berriekin elkartu.